Mikroipuinak idazten hasteko garaia heldu zaie berastegiarrei

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 28a, 07:57

2020ko Mikroipuin Lehiaketako sari banaketako irudia.

Adin guztietako herritarrek izango dute Berastegiko V. Mikroipuin Lehiaketan parte hartzeko aukera. Lanak maiatzaren 22a baino lehen bota beharko dira udaletxeko postontzian.

Berastegiko udal liburutegiak bosgarrenez antolatu du Mikroipuin Lehiaketa. Aurten ere, herritar guztiek izango dute ipuina idatzi eta aurkezteko aukera, maiatzaren 22a baino lehen. Egun horretarako, lanak udaletxeko arkupeetan dagoen postontzira bota beharko dira.

Parte hartu nahi duenak gehienez 100 hitzetako ipuina idatzi beharko du, gaia librea izanik, eta euskaraz. Bakoitzak nahi adina mikroipuin idatz ditzake. Aurrez sarituak izan ez diren obra original eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Egileak lanaren kopia bat aurkeztu beharko du ordenagailuz idatzita, Arial 12 formatuan eta biko tartez. Izenburu bat ere jarri beharko zaio, eta sinatu gabe entregatu behar da. Gutun-azal batean entregatuko da eta lehiatuko den kategoriaren zenbakia idatzita izan beharko du agerian. Horrekin batera, beste gutun-azal bat bidaliko da, kanpoaldean lanaren izenburua eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, adina, telefonoa eta helbide elektronikoa zehaztuz.

Hiru kategoriatan banatu dute aurtengo edizioa ere. Batetik, lehen kategorian, Lehen Hezkuntzako ikasleek hartu ahalko dute parte, hau da, 12 urte artekoek. Bestetik, bigarren kategorian, DBHko ikasleek, 12-16 urte artekoek. Eta azkenik, hirugarren kategoria helduena izango da, 16 urtetik gorakoena.

Lanak epaitzerakoan, epaimahaiak originaltasuna, euskara maila eta narrazioaren egitura hartuko ditu kontuan.

Sariei dagokienez, kategoria bakoitzeko lehenengoak 50 euro eta Astiz liburu dendako txekea eskuratuko ditu, eta kategoria bakoitzeko bigarrenak, berriz, 30 euro eta Astiz liburu dendako txekea. Sari banaketa ekainaren 4ean egingo dute.

Beste edizioetan bezala, oraingoan ere ipuin sarituak 2022ko Aidanen aldizkarian argitaratuko dituzte, eta lehiaketara aurkeztutako gainerako lanak liburutegiko web orrian izango dira irakurgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!