Elurragatik A-15 autobidea itxi dezakete ostegun gauean eta ostiralean

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 30a, 17:00

Aurreikuspenen arabera, elurra 200-400 metrotik behera egin dezake, beraz, A-15 autobidea ixteko arriskua egongo da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreratu duenez, bihar gauetik larunbatera bitarte euskal meteorologia agentziak elurra iragarri du 200-400 metrora, eta ondorioz, A-15 errepidea itxiko litzateke, bi norabideetan, Andoaingo lotunetik Berastegiko lotunera bitarte.

Errepidea ez da itxiko elurra hasi arte, eta lekuan bertan egongo diren errepideko langileek eta trafikoa erregulatzeaz arduratzen diren agenteek erabakiko dute A-15 errepidea ixtea, behar izanez gero. Eta irekitzeko berdin jokatuko dute: elurra gutxitu ondoren erabakiko da errepidea modu seguruan irekitzeko baldintzak betetzen diren ala ez.

Autobidea itxiz gero, zirkulazioa Berastegitik Tolosarako errepidera desbideratuko da. A-15a moztuta dagoen bitartean, kamioiek debekatuta izango dute GI-2130 errepidetik zirkulatzea eta N-I errepidea edo Sakanakoa erabili beharko dute Gipuzkoara iristeko edo Nafarroara joateko. Ibilgailu arinek Tolosatik Berastegirako bidea erabili ahal izango dute, eta, ondoren, A-15era sartu Nafarroako noranzkoan. Nafarroako foruzainek eta Ertzaintzak trafikoa birbideratzen lagunduko dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gogorarazi duenez, Telegram sare sozialean talde bat aktibatu da, elurra egiteko arriskua izanez gero, A-15 errepidea irekita edo itxita dagoen uneoro jakin ahal izateko. Telegramen kontu bat izanez gero, "Elurra A-15 elurra" hitzak idatzi behar dira lupa erabiliz. Konturik ez dutenek esteka honetatik ere eskuratu ahal izango dute informazioa. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!