Gimnasio berria erabilgarri dago astelehenaz geroztik

Irati Saizar Artola 2022ko mar. 9a, 07:59

Garai batean mediku etxea zen eraikinean zabaldu dute gimnasioa; astelehenetik larunbatera izango da zabalik, bazkide egiten direnentzat.

Pasa den astean egin zuten inaugurazioa eta astelehen honetatik erabilgarri da Berastegiko gimnasio berria. Garai batean mediku etxea izandako eraikinean kokatu dute, parte hartze prozesu baten bidez herritarrek hala erabakita. Bazkide egiten denak astelehenetik larunbatera izango du erabiltzeko aukera. Bazkide egiteko, udaletxera joan beharko da, inprimakia betetzera.

Bi solairu ditu eraikinak eta goiko solairuan kokatu dute gimnasioa. Behekoan, sarrera alboan, komuna jarri dute, eta Amaia Azkue alkateak azaldu duenez, beheko solairuko gainerako eremua obra egin gabe utzi dute, "aurrerago ekipatzeko asmoarekin".

Gimnasioa bera bi eremutan dago banatuta. Alde batean, zorua tatamiz estali dute, indar ariketak egiteko: indarra lantzeko materialaz gain, ispilu bat eta horma barrak ere jarri dituzte. Beste aldean, gune zabalagoan, ariketa aerodinamikoak egiteko makina ezberdinak jarri dituzte.
Alkateak azaldu duenez, 16 urtetik gorako edonork du zerbitzua erabiltzeko aukera, baina horretarako bazkide egin behar da. Bi modu jarri dituzte: hilabeteko kuota, 10 eurokoa izango dena, edota urte osoko kuota, 80 eurokoa. Oraindik bazkide egin ez denak udaletxera joan beharko du inprimakia betetzera.

Asteko sei egunetan izango da zabalik. Astelehenetik ostiralera 08:00etatik 21:00ak bitartean zabalduko dute, eta larunbatetan 08:00etatik 19:00etara erabili ahalko da.

Eraikina oso-osorik berritu dute, eta 424.000 euro gastatu dituzte lan guztietan. "Hainbat diru laguntzetara aurkeztu dugu proiektua, besteak beste, energia, irisgarritasun eta Eusko Jaurlaritzaren Leader laguntzetara, eta guztira 140.000 euro jaso ditugu", azaldu du Azkuek. Kirol ekipamenduko materialetarako diru laguntza ere eskatu dute eta ebazpenaren zain daudela esan du.

Eraberritze horretan, «eraikin jasangarria» egin dutela nabarmendu du alkateak, "kontsumo ereduari begira arduraz jokatuz". Pellet bidezko berokuntza sistema jarri dute, eta isolamendua ere hotz-beroak kontrolatzen dituena: "Behin eraikina berotuta mantendu egiten du eta ez du alferrikako gasturik sortzen". Eguzki panelak ere jarri dituzte, argiteriarako behar duten energia lortzeko.

Gimnasioko zerbitzuaz gain, eraikinaren aldamenean bizikletak garbitu eta oinarrizko konponketak egin ahal izateko aparatu bat jarri dute. "Berastegin badago zaletasuna bizikletan ibiltzeko eta denek ez daukate aukera bere etxean bizikleta garbitzeko eta oinarrizko konponketak egiteko tresneria ere ez du mundu guztiak".

Aurten egiteko lanak

Urte honetan zehar egiteko ere baditu hainbat proiektu Berastegiko Udalak. 1.255.245,41 euroko aurrekontua onartu dute, iaz baino 214.000 euro gehiago dituena eta atal ezberdinetara bideratuko dutela zehaztu du Azkuek. "Azken urteetan aurrekontu legeak ez zuen uzten iazko aurrekontua baino %2,8 gehiago igotzen; orain araudia aldatu egin da eta librea da", azaldu du. Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik 134.000 euro gehiago jaso dituzte, eta COVID-19 laguntza moduan 39.000 euroko laguntza iritsi zaie.

Diru horrekin, besteak beste, larre komunalaren proiektua garatzen jarraitu nahi dute. "Aurten larre komunaletako eremua handitu egin nahi dugu, zabaldu. Denera 14,16 hektarea egokituko ditugu eta horrek inbertsio berriak egitea eskatzen digu".

Baserri bideak konpontzeko partida bat ere jarri dute, eta herriko zenbait eremutan asfaltatze lanak egingo dituzte, tartean, oinezkoak ibiltzen diren eremuak, herri bueltan, "badaudelako eremu batzuk lurra janda". Auzoetako argiztapenarekin ere jarraituko dute. Aurten, Eguzkialde auzoa argiztatuko dute. Auzoei dagokienez, Elduainalde auzora joango den oinezkoen bidea egokituko dute. Lizarra baserri ondotik, belardietan barrena egingo dute bidea auzoko etxeetara.

Horrez gain, tokiko garapenaren prozesuarekin jarraituko dute. Lantzen ari diren hiru ildoetan sakonduko dute, besteak beste, ondarearena, artzaintzarena eta bertako produktuen ingurukoa.

Herriko saneamenduan hobekuntzak egiteko ere diru partida bat jarri dute. "Gipuzkoako Foru Aldundiak herriko kolektorearen proiektu berri bat aurkeztu digu, baina murrizketa handiak jasan ditu eta lan asko udalak asumitu beharko ditu", esan du Azkuek. Beraz, urtero partida berri bat jarriko dute, saneamendu lanetarako.

Herri bideen inbentarioari jarraipena emango diete aurten. Dokumentazio guztia prestatzen ari dira eta kostu horiei aurre egiteko bideratuko dute dirua.

Beste partida bat udaletxeko ganbara egokitzeko erabiliko dute, "edonorentzat erabilgarri" jartzeko. Laster hasiko dira obra horrekin. "Erabilera jakinik ez dauka, baina egokitu egin nahi dugu edozertarako". Azken solairu horretara igogailua ere iristen da.

Ategi ondoko belardian parke bat jartzea da beste asmoetako bat. "Ez edozein parke, jolas parke natural bat izango da", argitu du. Egurrezko elementuak jarriko dituzte, "ez da betiko txirristarik egongo".

Eta azkenik, aparkaleku azpian berokuntza sistema jarriko dute. Frontoiko ura berotzeko gas naturalaren bidezko berokuntza sistema dago, eta galdara hori aprobetxatuz, aparatu batzuk jarriko dituzte haize beroa botako dutenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!