Odol emaileak saritu dituzte

Ataria 2022ko martxoaren 7a

Berastegin odola ematen duten zazpi bizilagunek jaso zituzten diploma eta intsignia bana; odola emateko "keinu txiki" hori egiten jarrai dezatela eskatu zieten Amaia Azkue herriko alkateak.

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak odol emaileak omenduz urtero egin ohi duen ekitaldia etenda dago azken bi urteetan, eta herriz herri egiten dituzte orain diploma eta intsignia banaketak. Ostiral iluntzean egin zuten ekitaldia Berastegiko udaletxean. Berastegin odola ematen duten zazpi bizilagunek jaso zituzten oroigarriak: Jabier Saralegik urrezko intsignia 40 aldiz odola emateagatik, eta Amaia Askasibar Agirre, Asier Bercianos, Ainhoa Eskudero, Eneko Imaz Amiano, Xabier Mujika eta Julian Urangak zilarrezko intsignia, 25 aldiz emateagatik. Marixol Atxukarro eta Lurdes Otegi antolatzaileen eskutik jaso zituzten oroigarriak.

Amaia Azkue alkateak eskerrak eman zizkien odol emaileei "gizarte honi borondatez eta musu truk egiten dieten ekarpenagatik eta pertsona askori egindako onagatik". Berastegin urtean hiru aldiz etortzen dira Gipuzkoako Odol Emaileek Elkartekoak donazioak egitera. "Ondo gaudenontzat ekintza txiki bat da, egingarria, eta asko eman dezake beste askorentzat, bizitzak salbatu ere bai". "Keinu txiki" hori egiten jarrai dezatela eskatu zuen alkateak. Ondoren, guztiak batera mokadu goxo bat egitera joan ziren Ategi ostatura.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!