Berastegiko artzaintza eta gazta kulturaren inguruko lana aurkeztu dute

Leyre Carrasco 2022ko mar. 6a, 15:20

Josu Ozaita antropologoak idatzitako 'Be! Berastegi. Belarra. Beeee' liburua aurkeztu dute goizean Berastegin.

Berastegiko artzaintza eta gazta kulturaren inguruko liburua aurkeztu dute goizean udaletxeko erabilera anitzeko gelan, 12:00etan hasita. Josu Ozaita antropologoak idatzitako Be! Berastegi. Belarra. Beeee izeneko liburua aurkeztu dute, hain zuzen. Berastegiko ukuilu eta etxeen barrena ibili da Ozaita, herriko ohitura hau sakonago ezagutuz. Bertan, gazta nola egiten den ikusteaz gain, hainbat berastegiar elkarrizketatu ditu liburuko protagonistak bilakatuz.

Liburuak garai batean artzaintza nolakoa zen azaltzen du batetik, baina gaur egungo artzaintzari garrantzia eman diola azaldu du Ozaitak: “Duela 20 urte ia 6.000 ardi zeuden Berastegiko 62 etxetan banatuta. Gaur egun, ordea, 2.800 ardi inguru daude, eta hainbeste ardi egonda hor atzean zerbait egon behar zuen, istorio, kontakizun edota bizipen bat. Gure helburua bizipen horiek jasotzea eta liburua sortzea izan da”.

Berastegiko herriarentzat mimo handiz egindako lana eta oparia ere izan da. Herritar bakoitzak ale bana doainik jasotzeko aukera izan duelako gaurkoan. Andres Etxeberria artzain eta gaztagilea izan da liburua jasotzen lehena, eta hala, urte luzez berak egindako lana omendu du udalak.



Berastegiarrentzat idatzitako liburua bada ere, Ozaitaren ustez, beste edonorentzat halako kontakizun bat irakurtzea “erakargarria” izan daiteke. “Gaur egungo errealitate bat delako, beste bizi modu bat erakusteko modua delako, eta kanpoan ere interesa piztu dezakeelako”, esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!