Berastegiko artzaintza eta gazta kultura liburu batean jaso dute

Irati Saizar Artola 2022ko urt. 13a, 11:59

Josu Ozaita antropologoak idatzi duen 'Be!' liburua igande honetan aurkeztuko dute udaletxean, 12:00etan; edonork izango du aukera ekitaldira joateko.

Igande honetan, Berastegiko artzaintza eta gazta kulturaren inguruko liburua aurkeztuko dute udaletxeko erabilera anitzeko gelan, 12:00etan. Be! izeneko liburua idatzi du Josu Ozaita antropologoak, izenburuarekin Berastegiri, belarrari eta ardiaren marrakari erreferentzia eginez.

Liburua ontzeko, Berastegiko ukuiluetan barrena ibili da Ozaita, eta gazta nola egiten den ikusteaz gain, artzainak elkarrizketatu ditu. "Zortzi artzain elkarrizketatu ditut, baina horiekin herriko argazki orokor bat ateratzen saiatu naiz", azaldu du.

Ardien inguruan sortzen den «mundu txiki-handia» jaso du liburuan. Lehengo artzaintza nolakoa zen azaltzen du batetik liburuak, baina Ozaitak esan duenez, gaur egungo artzaintzari eman dio garrantzia: "Azken finean, 2.850 ardi daude gaur egun Berastegin 62 etxetan, eta nahiz eta batzuetan ardi gutxi izan etxeko, ardi horiek jetzi eta esne horrekin gazta egiten dute. Hor ikusten da artzain eta gazta kultura badagoela herri horretan".

Berastegiren identitatean artzaintzak zerikusia baduela baieztatu du Ozaitak egindako lanean: "Artzainei edo ardiei esker da Berastegi den bezalakoa; artzain kultura badagoela transmititzen du bertako paisaia berdeak. Berastegira iristean, belaze berde zabalak ikusten ditugu, lorategi modukoak, eta hori artzain kultura dagoelako da".

Kultura hori nahiko berria dela kontatu du Ozaitak, eta horrek harritu du gehien lan hau egitean. "Duela 50 urte inguru Berastegira joango bagina, marroiagoa edo horiagoa zen, garai hartan soro eta baratza gehiago zegoelako". Esan du jendea fabrikara lanera joaten hasi zenean, terrenoak garbi mantentzeko, jendeak ardiak jarri zituela etxean. Eta gaur egun dagoen artzaintza kultura hori transmititzen joan dela urtez urte, belaunaldiz belaunaldi.

Liburua bera, igandetik aurrera izango dute eskura herritarrek zein handik kanpokoek. Josu Ozaitak idatzitako testua izango du, eta liburuari forma ematen eta argazkiak ateratzen Zura diseinuetako Julen Larruskain aritu da. Liburuan, gainera, informazioaz gain, gaztarekin egindako errezetentzako atala ere sortu dute.

Hitzordu gehiago

Larunbatean, artzaintzari eta gaztari lotuta, beste hitzordu bat izango dute. Aritz Ganboa artzainaren eskutik, Bideak dokumentala ikusteko aukera izango da, 18:00etan, erabilera anitzeko gelan.

Eta datorren asterako ere badituzte beste hainbat kontu Berastegin. Astelehenean San Anton eguna ospatuko dute, eta urtero moduan, San Anton ermitan meza egingo dute 10:00etan, eta animaliak bedeinkatuko dituzte jarraian. Horren ostean, hamaiketakoa egingo dute.

San Sebastian eguna ere datorren astean da, eta egun hori ospatzeko tartea ere hartuko dute urtarrilaren 20an. Meza egingo dute izen bereko ermitan 10:00etan, eta jarraian hamaiketakoa izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!