Bost lehiaketa izan dira guztira aurtengo azoka egunean. Batetik, Argazki Rally-an aurtengo gaia ura izan da, eta digitalen modalitatean Uxue Otaeguik jaso du lehen saria. Bigarren saria Maider Irisarri, eta hirugarrena Idoia Labayenek jaso du. Hain zuzen, Richard argazki dendak egin ditu epaile lanak.
Epaimahai batek goiz osoan zehar II. Sagar Tarta lehiaketara aurkeztu diren herritarren postreak dastatu dituzte, eta aurtengo irabazlea Marixol Atxukarro izan da. Azken unean lehiaketan parte hartzera animatu bada ere, Atxukarrok jantzi du mantala: "Goizean esnatu naizenean lehiaketan parte hartu behar nuela pentsatu dut, eta azkar batean egin eta ekarri dut. Ez nuen espero, sorpresa handia izan da. Ia guztiak asko adornatuta zeuden, eta nik ez diot halako ezer jarri. Ez dakit zer ikusi dioten, baino ilusio handia egin dit". Bigarren postuan geratu da Ixiar Zubillaga, eta hirugarrengo postuan berriz, Aitziber Astigarraga.
Herriko gaztagileak saritzen dituzten XXX. Gazta Lehiaketarako ere epaimahai batek goizean zehar parte hartu duten gazta desberdinak dastatu dituzte. Aurtengo irabazlea Koro Artola izan da. Bigarren postua Jose Inazio Ugartemendiak eraman du, hirugarrena Hipoli Lasartek, laugarrena Jabier Saralegik, eta bosgarren postuan Lukas Etxeberria geratu da.
Bestetik, XIII. Ardi, Ahari eta Bildots Lehiaketa, goizean zehar animalien erakusketara eramaten dituztenen artean. Ahari onenaren saria Iker Ugartemendiarentzat izan da, 100 puntutatik 86,4 puntu jaso baititu. Ardi onenaren saria berriz, Iker Olanorentzat izan da, 100 puntutatik 91,8 puntu jaso ditu eta "ardi bikaina" bezala izendatu dute. Bildots onenaren saria jaso du Hipoli Lasartek, 100 puntutatik 83 puntu jaso ditu eta "bildots oso ona" izendatu dute.
Azkenik, azokako postu lehiaketa ere izan da, eta aurtengo postuan ikusi ahal izan den eskulangintza lanagatik, ondarearen transmisioa egiteko saiakeragatik, eta orokorrean, postu horren atzean dagoen lan guztiagatik, aurtengo postu onenaren saria Andres Etxeberriak eraman du.