Auzolanean dago etorkizuneko giltza?

Irati Saizar Artola 2021ko uzt. 23a, 19:59

Tolomendik, Mondragon Unibertsitateak eta Eusko Ikaskuntzak elkarlanean sustatu duten Auzolangin(l)tza proiektuaren aurkezpena egin dute goizean, Berastegin. 

Auzolangin(l)tza: XXI. mendeko Gipuzkoaren eraikuntzan auzolana iraganeko kontua ala etorkizuneko giltza? Tolosaldean saiakera proiektua abiarazi dute goizean zehar Berastegin egindako girotze jardunaldian. Proiektuaren testuingurua azaldu eta proiektua bera kokatzeko tartea hartu dute goizaren lehen partean, eta bigarren zatian, bertaratu diren udal herrigintzako ordezkari eta eragileek talde dinamikak egin dituzte herriko plazan, gogoetak eta iritziak elkarbanatzeko. 

Auzolana oinarri duen proiektua Tolomendik sustatu du Mondragon Unibertsitatearekin eta Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren berrikuntza sozialerako Etorkizuna Eraikiz Gipuzkoalab 2021 deialdirako diru laguntza jaso du eta denera urtebete iraungo du. Gaurko saioarekin, hasiera eman zaio proiektuari, eta hurrengo pausoak, esperientzia diseinatu eta martxan jartzea izango dira.

Goizari hasiera emateko, Amaia Azkue Berastegiko alkateak eta, aldi berean, Tolosaldeko Landa Garapeneko juntako kide denak hartu du hitza. Egoki ikusi du landa eremuko herri eta auzoen etorkizunari buruz gogoeta egin eta proiektua Tolosaldean martxan jartzea. Aipatu du azken urteetan, Gipuzkoako herri txikien egitura soziala, ekonomikoa eta kulturala aldatzen ari dela, udalen baliabide ekonomikoak “mugatuak” direla eta herri bizitzaren "ahultzea" ekarri duela, baina "oraindik lankidetza eta beharrei elkarrekin erantzuteko kultura bizirik dagoela". "Herritar, eragile eta erakunde publiko guztiekin, gizarte aldaketen aurrean, lankidetza eta erantzukizuneko kultura biziberritu eta gaurkotzeko premiari erantzun bat ematean egin behar dugu saiakera", gehitu du. 

Proiektuarekin, eskualdeko eragile guztien artean adostutako esperientzia praktiko berritua esperimentatu nahi dute, Azkuek azaldu duenez: "Auzolaneko kultura berritu bati buruzko ikuspegia adostu eta Tolosaldeko eragile ezberdinekin eskualdearen biziberritzean lagundu dezakeen auzolaneko eredu gaurkotu bat irudikatu eta praktikara eramango dugu". Eskualdean burutuko den arren, ondoren, Gipuzkoa osorako baliagarria izan dadin nahi dute. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Udalerrien Garapenerako zuzendaria den Jon Ander Azpirozek ere izan du hizketarako tartea. Gustura agertu da: "Pozik nago Berastegin bildu garelako, ikusteko tamaina honetako egitasmoak ere herri txikietan egin ditzakegula. Etorkizuneko giltzetako bat da auzolana, eta izan gaitezen beste behin Gipuzkoan eredu". 

Saiorekin jarraitzeko, proiektuaren aurrekariez eta kokapenaz aritu dira Eusko Ikaskuntzako Arrate Arin eta Deustuko Unibertsitateko Ion Muñoa. Eta ondoren etorri da gaia maila akademikoan landu duten Muñoa eta Mondragon unibertsitateko Andoni Eizagirreren hitzaldia, auzolanaren kulturaz.

Nola batak hala besteak azken urteetan herri txikiek eman dituzten aldaketak aipatu dituzte, izan espazio fisikoarenak, baina baita demografia aldaketak, bizimodu aldaketa edota pertsonen eta gizartearen balio aldaketak ere. Herri txikien etorkizunerako gako nagusien artean kokatu du Muñoak ikuspegi globalago baten beharra: "Herri txiki askotan antzeko arazoak ditugu, eta bakoitza bere arazoei erantzuten saiatzen da, horiek direlako bere arazoak, baina askotan, badaude begirada makroago batetik begiratuta galdera orokorrago batzuk; askotan, ikuspegi globalago bat falta zaigu, ez daukagu elkarren berri". 

Herrietako elementu materialez eta elementu intangibleez ere aritu dira. "Herri txikiak bizirik egoteko azpiegiturak, zerbitzuak eta jarduera ekonomikoa beharrezkoak dira, horiek, ordea, baldintza intangibleak egon direlako funtzionatu dute". Landa eremuko herriek etorkizuna izan dezaten, elementu intangibleetan apustua egin behar dela argi du Muñoak: "Apustuak egiteko modu ezberdinak egon daitezke, baina gure erantzun posible bat auzolaneko kulturan aurki dezakegu". Herri txikietako komunitate izaera lantzeko ahalegina egin behar dela esan dute.

Proiektuaren xehetasunak

Auzolangin(l)tza proiektuaren asmo nagusia auzolanaz aritzea da, XXI. mendeko auzolanaz. Mondragon unibertsitateko Andoni Eizagirrek azaldu duenez, "auzolana gaur egungo gizarte eta kultura eredutik birpentsatu behar dugu, elkarrekin". 

Proiektua lau fasetan banatu dute, elkarren jarraian egiteko. Lehenik, auzolaneko kultura berritu bati buruzko ikuspegia adostuko dute, zer izan den eta gaur egun zer izan daitekeen azaltzeko. Ondoren, ekimena diseinatuko dute: "Auzolaneko ze ekimen gauzatu daitezkeen ikusiko dugu; izan daiteke herri batean egitekoa, edo hiruzpalau herritan egin daiteke, edota gai bat hobetsiko dugu eta auzolanetik gai hori eskualdean nola garatu daitekeen ikusiko dugu". Hirugarren pausoa, diseinatutakoa martxan  jartzea izango da, esperimentatzea, eta, azkenik, ikaskuntzak ateratzea egindakoaren inguruan. 

Talde dinamikak

Informazio teorikoa jaso ostean, hamaiketakorako tartea hartu dute saioan parte hartu dutenek, eta goizaren bigarren erdian aurreikusita zuten talde dinamikak egin dituzte jarraian, herriko plazan. Lau taldetan bildu dira eta hiru bloketan banatu dituzte gaiak: lehenik, proiektuaren lehen kontrasteaz jardun dute; ondoren, auzolanaren kulturaz eztabaidatu dute, eta azkenik, bakoitzaren herrian proiektu honetan kokatu daitekeen zer ekimen egin daitekeen irudikatu dute. Blokeen artean, talde bakoitzak egindako gogoetak elkarrekin partekatu dituzte. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!