Iñaki Ezeiza Egues (Eldua, 1960) da Elduako kaskoan dagoen Zelaitxo etxeko lorategiaren arduraduna. Gaztetan «Elduatik noiz Tolosara joango» bizi omen zen eta harako bidea egin zuenean eldumiña sentitu zuela aitortu du. Amari zor dio loreekiko zaletasuna, berari laguntzen hasi eta «landareen magiak txunditu» zuela dio. Adaska bat jarri eta ttak landarea itsatsi, hazia bota eta sekulako loreak jaso ordainetan. Pasioz hitz egiten du landareez.
Palmondoak, bananondoak, kaktusak, landare gozoak, tropikalak, exotikoak, hortentsiak, koloretako kalak... han eta hemen. Elduako isiltasuna girotzen dute lorategiko txintxirrinenen doinu gozoek, paradisua deitu dio Ezeizak sorlekuari eta bertara hurbiltzen den edonork ulertuko du zergatia.
Begiek badute hemen non gozatua! Zenbat kaktus dituzu?
300 bat inguru izango ditut, guztiak loreontzietan sartuta. Espezie berdineko asko ditut, hori bai. Gaixotasun moduko bat ere badut, ezin inoiz ezer bota! Landareren bat puskatzen bada, aldaxka hartu eta loreontzian sartzen dut eta horrela joan naiz pilatzen. Hemen dagoen landare bakoitza nik ekarri, landatu edo hazitik ereindakoa da. Denak ezagutzen ditut eta baten bat falta denean, non utzi dudan erotzen bila ibiltzen naiz.
Nondik datorkizu kaktusekiko zaletasuna?
Ameriketako Estatu Batuetara egin genuen ezkontza bidaia eta txundituta utzi ninduten hango lorategiek. Ahozabalik geratu nintzen, ez nekien hainbeste kaktus espezie ezberdin bazeundenik ere. Han loreentzako zegoen afizioa ez zegoen garai hartan hemen. Irudi horiek iltzatuta geratu zitzaizkidan. Orain etxe ondoak txukun eta lorez inguratuta ikusten dira hemen, loreek eta landareek espazioa irabazi dute.
Garai hartan hemen eskuratzea erraza al zen?
Ez, oso zaila zen, bizitegietan nekeza zen kaktusak topatzea, orain nonahi saltzen dituzte baina. Nik mediterraneora egiten nituen bidaiak aprobetxatzen nituen kaktusak erosteko edo adaxkak lorategietatik ekartzeko.
Gogoan al duzu noiz erosi zenuen lehen landarea?
Bidaia hauetako batean izan zen, denda batean kaktus mordoa ikusi nituen salgai, prezio onean gainera. Kotxeko maletategia beteta ekarri nuen. Nola zaindu arrastorik ez nuen, baina oraindik orduan erositako kaktus batzuk hemen daude, 25-30 urte izango dituzte.
Kaktusena mundu bat da.
Mundu zabal eta zoragarria gainera! Kaktus familia ezberdinak daude eta bata bestearekin zerikusirik ez dute. Landare hauen funtzionamenduak txunditzen nau; morfologiak, bizirauteko sistemak, ura gordetzekoak, beraien burua babestekoak, azkarrak dira oso. Orokorrean jendeak, arantzekin lotzen ditu eta desatseginak diren sentsazioa duenik ere bada. Baina arantzarik gabekoak ere asko dira. Gizakia bizkorra izango da, baina ez du landare hauen formak egiteko talenturik. Kaktus landare batzuk perfekzio geometrikora iristen dira.
Mexikok du kaktus espezie gehien. Elduako klima ez da ba Mexikokoa!
Ez noski! Hezetasuna ez dute batere maite landare hauek, baina begira non bizi garen, gure basoei begiratu besterik ez dago, Elduan bertan paradisuan gaudela dirudi hainbeste berde tonalitaterekin. Hezetasuna, barraskiloak eta bareak ditut etsairik handienak, barraskiloek zaka-zaka jaten dizkidate kaktusak arantzen beldurrik gabe, baita landare gozoak ere. Euria noizik eta behin maite dute baina berozale amorratuak dira. Beroa jarraian egiten duenean, nabari egiten zaio landareari bizirik dagoela, mugitzen hasten dira, berdetzen. Euporbiak adibidez, ez du 15 graduz beherako klima maite.
Eta negua luzea da gurean, zer egiten duzu beroa hainbeste maite duten 300 landarerekin?
Banan-banan hartu eta etxe azpian negutegi modukoa atontzen dut eta hantxe uzten ditut udaberriko goxoa iritsi bitartean. Landare altuenak berriz, Elduako elizara eramaten ditut eta han pasatzen dute negua.
Eskuliburuek edo esperientziak eman dizu landareak zaintzeko jakituria.
Eskuliburu mordoxka ditut. Landareen munduarekin lotura duten irakurketak egiten ditut erabat eta anaiak mugikorreko aplikazioak bazirela esan zidanetik, mundu bat ireki zait horrekin ere. Hala ere, urteen eta lanaren poderioz autodidakta naiz.
Hauen zaintzaren sekreturen bat aitortzerik bai?
Lurra oso garrantzitsua da kaktusak landatzeko, drainatze errazeko lurra behar du, hondartsua, porotsua azken batean, ura loreontzitik erraz ateratzeko. Errekako lurra adibidez mundiala da eta etxeko konposta! Kaktusen aldaxkak landatzeko berriz, zauriak ondo lehortua egon behar du, hezetasuna badu gaixotasuna ere hurbil izango baitu.
Loreei hitz egiten al diezu?
Nik ez diet hitz egiten, baina landareetan aldaketak sumatzen ditudanean, hazi egin direlako, berdetasuna hartu dutelako edo indartzen ari direlako, sekulako poza ematen didate. Hunkitu egiten naute eta ahalik eta ondoen zaintzen saiatzen naiz. Gaizki ikusten ditudanean edo kaktus bat hiltzen zaidanean, mina eta pena sentitzen ditudan bezalaxe.
Zure bidaietan lorategi botanikoa non, zu han.
Hutsik egin gabe bisitatu beharreko tokia izaten da lorategi botanikoa. Espainian, Kanariar Uharteak paradisua dira horretarako, Mediterraneoan ere badaude eta Europako hiriburuetan zer esanik ez. Gozamena da niretzako lorategi hauek bisitatzea. Emazteak ere gustuko ditu landareak eta egun bete pasatzen dugu botanikoetan. Han haziak eskuratu eta etxera etortzeko gogoz egoten naiz haziak landatzeko eta prozesua jarraitzeko.
Hazitik ateratzen saiatu al zara? Pazientzia ere lorezainaren dohaina da ezta?
Loreek bere oinarrian haziak dituzte eta horiek landatuz gero urtebetera edo punta bat agian azaltzen da. Oso landare sentiberak dira eta pazientzia handia behar da hazia landatzetik landarea lortzeko.
Landare kuttunik ba al duzu?
Cephalocereusak, zahar burua bezala ezagutuak ile zuria dutelako, maiteak ditut. Urteak daramatzate nirekin eta seme-alabak bezala, hazten ikusi ditut.