OLERKIA

Ikasi

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gorostarzu 2021eko uztailaren 17a

Bidean ikasi egiten dugu

lau hankan ikasten dugu, oinez, bizikletan eta sokasaltoan

futbolean eta partxisean 

giharren izenak ikasten ditugu, eta hezurrenak 

herrialdeak non dauden eta zer gertatu zen Erroman

handi ala txiki, zuri ala beltz, ar al eme sailkatzen

zikindu gabe jaten 

molestatu gabe hitz egiten

barkatu eta mesedez eta milesker eta ez horregatik esaten ikasten dugu 

eta orain badakigu zer moduz galdetzen sei hizkuntzatan

baina nola sentitzen garen azaltzen, ez dakigu

negarrari eusten ikasi dugu, eta negar egiten ahaztu zaigu

munduak ze prezio duen ikasi dugu

eta gauzek zenbat balio duten ahaztu

denbora neurtzen ikastean

denbora hartzeari utzi diogu

erantzunak ikasitakoan, galdetzeari

eta jokatzen ikasitakoan, jolasteari 

 

norbait izaten ikasi dugu

eta norbait izateko ikasi dugu

baina agian

nor garen ahaztu zaigu

bidean. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!