Herriko odol emaileak omendu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 21a, 09:41

Amaia Azkue, Marixol Atxukarro, Ane Ramiro, Marikruz Aranalde, Xabier Iturrioz eta Lurdes Otegi.

Ane Ramiro, Marikruz Aranalde eta Xabier Iturrioz izan dira oroigarriak jaso dituztenak; besteak beste, 25 edota 40 donazio egiteagatik.

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak urtero ekitaldi bat egin ohi du, odol emaileak omenduz, diploma eta intsignia bana emateko. Bada aurten ere ez dute ekitaldirik egingo, eta horren horrez, herriz herri ari dira oroigarriak banatzen. Berastegiko kasuan, pasa den ostiralean egin zuten ekitaldia, udaletxeko pleno aretoan. Hiru herritar izan ziren oroigarriak jaso zituztenak: Ane Ramirok eta Marikruz Aranaldek 40 aldiz emateagatik, eta Xabier Iturriozek 25 aldiz eman duelako.

Marixol Atxukarro eta Lurdes Otegi dira Berastegin egin ohi den odol ematea antolatzeaz arduratzen direnak, eta haiek izan ziren bakoitzari diploma eta zegokion koloreko intsignia banatu zutenak. Amaia Azkue alkateak ere hartu zuen hitza ekitaldian, eskerrak eman zizkion herriko odol emaile elkarteari, "urtean hiru alditan donazioak egitera datozenean guztia prestatzeagatik". Eta bestetik, emaileentzat ere izan zituen esker hitzak: "Odola ematea bizitza ematea ere bada, bizitzan aurrera jarraitzeko aukera ere badelako hainbatentzat. Gizatasun ekintza bat egiten duzuena, elkartasun ekintza bat".

Ramirok eta Aranaldek diploma bana eta urre koloreko intsignia bana jaso zuten, eta Iturriozek, aldiz, diploma eta zilar koloreko intsignia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!