Hainbat lehiaketa abian dira Berastegin

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 14a, 11:58

Batetik, Salontzo jaietako kartel lehiaketa abiatu dute, eta bestetik, leiho, balkoi eta terraza lehiaketa eta lorategi lehiaketa.

Uda gerturatzen hasten denean, hainbat lehiaketa jarri ohi ditu martxan Berastegiko Udalak. Aurten ere, prestatu dituzte guztiak eta dagoeneko, zabalik dira izena emateko epeak nahiz lanak entregatzekoak.

Batetik, Salontzotako kartel lehiaketa antolatu dute, zortzigarrenez. 2021eko festetako programaren eta kartelaren azala izango da irabazlea. Diseinua librea izango du, besteak bestek, digitala, marrazkia edota collagea ere izan daiteke. Azalaren neurria A5 izan beharko du, horizontalki jarrita. Lana gutun-azal batean aurkeztu beharko da eta egilearen datuak beste gutun-azal batean. Honako testuak joan beharko du lanean: Berastegiko Salontzoak 2021. Abuztuak 6, 7, 8, 9 eta 10. Lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 30ean izango da, eta irabazleak saria izango du.

Bestetik, leiho, balkoi eta terraza lehiaketa eta lorategi lehiaketa antolatu dituzte, hurrenez hurren, hamahirugarrenez eta hamabigarrenez. Parte hartu nahi duenak aurrez izena eman beharko du 943 68 3000 zenbakira deituta edota udaletxera bertara joanda. Ekainaren 30a izango da izena emateko azken eguna.

Leiho, balkoi, terraza eta lorategiak baloratzeko, uztaileko egun batean kultur batzordeko kideak eta lorezaintza teknikari bat etxez etxe ibiliko dira puntuazioa jartzen. Parte hartzaileei aldez aurretik abisatuko zaiela esan dute. Puntuazioa jartzeko honako ezaugarriak hartuko dituzte kontuan: kolorea, landareen barietatea, konbinaketa, estetika eta txukuntasuna. Etxez etxe argazkiak aterako dituzte eta udalaren webgunean izango dira ikusgai.

Guztira sei sari banatuko dituzte, modalitate bakoitzeko hiru. Sariak ziklikoki banatuko direla azaldu dute kultura batzordekoek, "ahalik eta partaide ezberdin gehien saritu ahal izateko, hau da, iazko garaileek aurten ez dute jasoko, baina 2019an saria jaso zutenak aurten berriro ere saria jasotzeko aukera izango dute". Lehiaketa egin ahal izateko, gutxienez bost parte hartzaile beharko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!