Abereek larreetarako bidea egin dute Berastegin

Ataria 2021eko maiatzaren 15a

San Isidro egunez, goizean egin dute larre irekiera Berastegin; herriko ganaduzaleek behorrak, ardiak eta behiak eraman dituzte Gorosmendi eta Ipuliño eremuko larreetara.

Baserritarren eguna izanik, larre irekiera ekitaldia egin dute Berastegiko larre komunaletan. 10:00ak joak zirenean ireki dituzte larrera sartu ahal izateko dauden pasabide eta atakak eta behor, ardi eta behiek Gorosmendi eta Ipuliñoko eremuan dauden larreez gozatzeko aukera izango dute aurrerantzean.

Gaur gaurkoz, sei ganaduzalek eraman dituzte abereak larreetara, baina datorren astean ere abere gehiago eramango dituztela aurreratu du udalak. Aurten, guztira, eskaera egin duten 18 ganaduzaleen artean, 49 behi, 522 ardi, 26 behor eta 30 ahuntzek erabiliko dituzte udalarenak diren lurrak. 

Udala "pozik" agertu da izan duen arrakastarekin eta esan dute lanean jarraitu beharko dutela "dagoen eskaria ikusita eremua zabaltzen joateko". Izan ere, larre komunalen proiektua 2019an hasi ziren martxan jartzen. Egun, 50 hektarea daude erabilgarri, baina, guztira, 190 hektarea barnebiltzen ditu eremuak.

San Isidro eguneko ospakizunaren barruan kokatu dute larre irekiera ekitaldia. Euriak eta haizeak asko lagundu ez badu ere, 30 lagun inguru elkartu dira Gorosmendin ganaduak nola iristen ziren ikusteko. Horren ostean, 11:00etan, meza izan da elizan eta herriko haurrek bertsoak eta dantzak egin dituzte baserritarren eguna festaz ospatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!