OLERKIA

Irribarreak

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gorostarzu 2021eko martxoaren 20a

Irribarreak. I. LUQUE

Badira irribarre goxoak eta irribarre gaiztoak

irribarre lotsatiak eta garaileen irribarreak

badira hortzik gabeko irribarreak eta gogorik gabekoak

badira ezpain gorriekin egiten diren irribarreak, ezpain lehorrekin, ezpain musukatu berriekin

badira irribarreak beste irribarre bat sortzen dutenak

eta irribarreak, beste irribarre bat eskatzen dutenak

eta izan, badira jaiotzerako hiltzen diren irribarreak ere

ezinean itoak, begietara jauzi, eskuetara ihes egin nahi dutenak

oihal azpietan preso dauden irribarreak dira

musukoetan bahituak

irribarre arriskutsuak dira

irribarre hiltzaileak

debekatutako

zigortutako

legez kanpoko irribarreak dira

eta ez dakigu, noiz arte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!