Ibon Garaiburu aizkolari gazteak txapela jantzi du

Ataria 2021eko martxoaren 16a

Ibon Garaiburu eta Xuban Kañamares 'Kañamares V.a'. IBON ERRAZU

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan, Aizkolari Gazteen mailan, Ibon Garaiburu berastegiarrak eta Xuban Kañamares Kañamares V.a-k jantzi dute txapela.

Azpeitian jokatutako finalean, aurkariak Markel Zapiain eta Axel Larrañaga, eta Oier Larretxea eta Endika Goia izan zituzten. Lehia estua izan zen, baina Garaiburuk eta Kañamaresek bukatu zituzten egin beharreko lanak azkarren. Sei minutu eta 38 segundo behar izan zituzten lanak bukatzeko, eta haien ostean, hiru segundora sailkatu ziren Zapiain eta Larrañaga.

Horrez gain, Azpeitiko herri kirol jaialdian, beste txapelketa batzuk ere jokatu ziren. Esaterako, Mikel Lopetegi Urra harri-jasotzaile zarauztarrak irabazi zuen Zortzi Arroako Hiru Harrien Txapelketa. Urra-k 10.200 kilo jaso zituen guztira, bigarren sailkatu den Beñat Telleriak, berriz, 9.500 kilo, eta Inhar Urruzunok 8.900 kilo. Hiru minutuko txandetan ehun kiloko kopa, ehun kiloko kubikoa eta ehun kiloko bola jaso behar izan zituzten harri-jasotzaileek.

Bestalde, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren 22. edizioko txapelak ere jokoan zeuden, eta Ibai Soroak eta Txomin Amundarainek jantzi zituzten. Emakumeen Banakako Aizkolari Txapelketa, berriz, Nerea Sorondok irabazi zuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!