Negu Trail proba, bertan behera

Ataria 2021eko urtarrilaren 28a

Negu Trail mendi lasterketako parte hartzaileentzat prestatutako material sorta.

«Pena handiz» hartu dute Negu Trail mendi lasterketako antolatzaileek aurtengo proba bertan behera uzteko erabakia.

 «Ilusio berezia jarrita genuen, oso lasterketa gutxi ziren urte honetan, jendea korrika ikusteko Berastegin. Horretarako oso ondo genuen prestatuta dena, segurtasun neurri guztiekin», esan du Aritz Mujikak. Baina Eusko Jaurlaritzak hartu dituen neurri berriengatik, batez ere itxiera perimetralak, ez du posible egiten lasterkarien parte hartzea.

Antolakuntza taldeak aurtengoa bertan behera utzi du, eta ez du, beraz, data aldaketarik egingo. Otsailaren 7an egitekoa zen Negu Trail lasterketa, eta neurriek otsailaren 8ra arte iraungo dute. Azaroan zabaldu zen izen emateko aukera, eta egun eta erdi baino lehen bete ziren plazak. Orain antolakuntzakoak izena eman dutenekin posta elektronikoz jarriko dira harremanetan eta bi aukera emango dizkiete: aurreikusita zegoen poltsa jasotzea (kamiseta, basoa eta abarrekin) edota parte hartzeko aukera gordetzea datorren urteko lasterketarako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!