Mediku kontsulta zaharreko lanekin hasi dira Berastegin

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 21a, 11:59

Udalak onartutako aurrekontuan, inbertsio nagusia izango da mediku etxeko obra; guztira, 1.109.611 euroko aurrekontua izango dute, iazkoa baino 11.171 euro gutxiago.

Berastegiko Udalak azaroaren 10ean egindako osoko bilkuran onartu zuen 2021erako aurrekontua. Zehazki 1.109.611 euro erabiliko ditu gastu eta inbertsioetarako, iaz baino 11.171 euro gutxiago. Amaia Azkue alkateak azaldu du aurtengo aurrekontua «zuhurra» izango dela: «Aurreikusi ditugun sarrerekin egindako aurrekontu bat prestatu dugu, zuhurra zentzu batean. Izan ere, ez dakigu urtea nola joango den eta zein ustekabeko gertatu zaizkigun, baina aldi berean, garatzen joan nahi dugu, herritarren zerbitzuak mantendu eta areagotzeko».

2020ko kontu orokorra onartzen dutenean, soberakinetatik diru «nahikoa» izatea aurreikusi dute: «Zenbat dirurekin geratu garen ikusiko dugu orduan eta kreditu aldaketak egingo ditugu, inbertsio gehiago aurrera eraman ahal izateko».

Aurtengo inbertsio nagusia mediku etxeko obrak izango dira. Azkuek azaldu duenez, proiektu hau iazko aurrekontuan txertatu zuten, baina «ustekabeko jaitsierak» tarteko, aurten egingo dute. Herritarren parte hartze prozesu baten bidez erabaki zen zer nolako espazioa izango zuen eraikinak, eta herritarrek hala erabakita, beheko solairuan erabilera anitzeko gela bat prestatuko dute, eta lehen solairuan gimnasio bat egokituko dute. Orotara, 277.772 euroko inbertsioa egingo du udalak eraikina egokitzeko. Dagoeneko hasiak dira lanekin eta lau hilabete eta erdi beharko dituzte guztia amaitzeko.

Bestalde, martxan jarritako larre komunalen proiektuarekin ere aurrerapausoak eman nahi dituzte. Lurren azterketak egiten jarraituko dute, eta beharrezko ongarriekin prestatuko dute eremua. Era berean, animaliak harrapatzeko leku bat egokituko dute, abereak bildu eta eraman edota bertan tratatzeko. Guztira, 20.000 euro bideratuko dituzte proiektu horretara.

Larre komunalen proiektuak, orokorrean, 190 hektarea barnebiltzen ditu, eta momentuz, 50 hektarea daude erabilgarri, alkatearen arabera. «Lehenik prest daukagun eremua ondo ekipatu nahi dugu, ondoren eremua zabaltzeko». Proiektuarekin «pozik» agertu da Azkue, izan ere, aurtengo abere kopuruaren eskaera jaso dute, eta pasa den urtetik gorakada handia izan dela esan du: «Horrek erakusten diguna da herritarrek, eta batez ere, ganaduzaleek proiektuan sinesten dutela».

Herri garapenean ere pausoak eman nahi ditu udalak. Komunikazio estrategia lantzen jarraitu nahi dute, eta tartean, artzaintzaren inguruko ikerketa bat ari dira egiten. Liburu batean bildu nahi dute herriko artzaintzaren historia, eta aurten argitaratzea da asmoa, udazken aldean. Bestalde, mahai sektorial bat sortu nahi dute, herriko eragile ezberdinek topo egingo dutena: ekoizleek, ostalaritzako arduradunek, landetxeek… «Horrela, lehen sektoreari begira plangintza bat osatuko dugu».

Azkenik, eskola eta frontoiko eraikinetan panel fotovoltaikoak jarri nahi dituzte, eraikin horiek eguzki panelen bidez hornitu ahal izateko. Eta urtero bezala, herriko zein mendiko bideak txukuntzen jarraitzeko asmoa ere badutela azaldu du Azkuek. Herriko mantenuan, beraz, hobekuntzak egingo dituzte.

Kontrara, pertsonal gastuetan igoera «handia» izan dutela esan du, eta hor inbertsio «handia» egin behar izan dutela: «Orain eskolaz kanpoko jardueren alorra udalak eramaten du, eta haur eta gazteen aisialdi zerbitzuak ere bai. Bigarren langile bat hartu dugu jardunaldi osoan; kultura eta gazteria dinamizatzailea batetik, eta administrazioa eta liburutegi zerbitzua hornitzen dituena bestetik».

Zenbakitan

Sarrerak

Zuzeneko zergak 204.500

Zeharkako zergak 16.000

Tasa eta bestelako zergak 115.850

Transferentzia arruntak 773.261

Sarreren zenbatekoa: 1.109.611

Gastuak

Pertsonal gastuak 503.000

Ondasun arrunta eta zerbitzuak 337.950

Mailegu interesak 7.000

Transferentzia arruntak 92.478

Inbertsio errealak 96.183

Mailegu amortizazioak 73.000

Gastuen zenbatekoa: 1.109.611

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!