Azoka eguna izango dute larunbatean Berastegin

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 17a, 16:00

Herriko ekoizleek soilik jarriko dituzte postuak aurten; gazta lehiaketa, ardi, ahari eta bildots lehiaketa eta animalia erakusketa ere egingo dituzte.

Urri amaiera eta azaro hasieran ospatu ohi dute kultur astea Berastegin. Egitarau guztia osatua zuten ordurako, baina pandemiaren eraginez bertan behera uztea erabaki zuten. Gabonen bueltan, berriro antolatu dituzte ekitaldiak, eta larunbat honetan izango dute lehena: azoka.

Aurten, herritarrek soilik jarriko dituzte postuak eta adin txikikoek ez dute postua jartzeko aukerarik izango. 11:00etan emango zaio hasiera azokari, eta eguraldiaren arabera, frontoian edo kale nagusian egingo dute. Goizean zehar, animalien erakusketaz gozatzeko aukera ere izango da, eta XII. ardi, ahari eta bildots lehiaketa egingo dute. Urtero bezala, gazta lehiaketak ere izango du bere lekua; XXIX. edizioa izango da aurtengoa.

Azokaren bueltako sari guztiak 13:00etan banatuko dira aparkaleku azpiko lokalean, baina udalak esan du jende pilaketak ekiditeko asmoz parte hartzaileek soilik izango dutela aukera bertan egoteko.

Gazta lehiaketan parte hartutako gaztak zozketatu egingo dituzte aurten. Azokan egindako erosketa bakoitzeko zozketan parte hartzeko txartelak emango dituzte eta saridunak udalaren sare sozialetan eta informazio paneletan argitaratuko dituzte. Urtea amaitu baino lehen saridunak antolatzaileekin harremanetan jarri beharko du 688 681 952 zenbakira deituz edo idatziz.

Azoka egunaz gain, honako egitaraua osatu dute Gabonen bueltarako:

  • Abenduak 21, astelehena. 16:00etan, Ehiztari ehizatua antzezlana haurrentzat, Patata Tropikalaren eskutik, frontoian.
  • Abenduak 26, larunbata. 19:00etan, ERIK eta WIN antzerki, bertso eta musika emanaldia Buhameak taldearen eskutik, frontoian.
  • Abenduak 29, asteartea. 17:00etan, Transexualitateari buruzko bizipena hitzaldia nerabeentzat, Naizen elkartearen eskutik, erabilera anitzeko gelan.
  • Urtarrilak 2, larunbata. 19:00etan, Dama Beltzak kantu emanaldia Estitxu Pinatxo eta Mikel Santxezen eskutik, frontoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!