Berastegin egiten den Negu Trail mendi lasterketaren laugarren edizioa antolatzea erabaki dute, eta sekulako arrakasta izan du, egun eta erdian izen ematea bete egin delako. Otsailaren 7an, igandea, egingo da eta 10:00etan hasiko da. Irteera eta helmuga Berastegiko plazan izango dira.
Antolakuntzako kidea den Aritz Mujikak azaldu duenez, «pentsatzen genuen jendeak izango zuela nahi hori eta izena emango zuela. Urtetik urtera azkarrago betetzen da, eta oraingoan 300 parte hartzaileetatik 200era jaitsi denez, errezeloa bagenuen azkar samar beteko zela, baina inondik inora ez genuen pentsatzen hain denbora gutxian beteko zenik». Izen ematea igandean gaueko hamabietan ireki zen eta astelehenean 21:00etan zabaldu zuten sare sozialetatik zabalik zegoela. Asteartean goizeko bederatzietarako beteta zegoen izen ematea. Itxaron zerrendan 30 lagunentzako lekua dago eta hori ere bete dela azaldu dute antolakuntzakoek.
Bizi dugun egoera berezi honetan, kirolariek probetan parte hartzeko duten gogoa nabaria da, eta eskari horri erantzun nahirik erabaki dute antolatzea. COVID-19a dela eta, araudia aldatu behar izan dute, eta parte hartzaile kopurua jaisteaz gain, besteak beste, dutxatzeko aukera kendu egin behar izan dute. «Otsailean izanik lasterketa, normalean bustita bukatu dezakete proba, eta uste genuen dutxatzeko aukerarik ez izateak pixka bat atzera botako zituela parte hartzaileak, baina itxura denez ez da horrelakorik gertatu», esan du Mujikak.
Parte hartzaileek 18 euro ordaindu dituzte izen ematerakoan, eta proba bertan behera geratzen bada ere, ez zaie dirua itzuliko. «Horrelako proba bat antolatzean hasieratik izaten da gastua, eta gainera, jarritako diruaren kopuru handia parte hartzaileei bueltan joaten zaie», zehaztu du Mujikak. Hori horrela, kamiseta ziur jasoko dute lasterkariek. Hori bai, antolatzaileen helburu nagusia proba egin ahal izatea da. «Espero dugu otsailerako egoera aldatzea eta lasterketa egiteko debekurik ez izatea», zehaztu du Mujikak.