Espaloi berria egiten hasi dira errepide ertzean

Ataria 2020ko azaroaren 12a

Berastegi eta Tolosa lotzen dituen errepide nagusiaren ertzean egingo dute espaloia, etxebizitzetako irisgarritasuna hobetzeko asmoz.

Berastegitik Tolosarako bidean, plazako sarreratik gertu, errepide ertzeko eremu batean espaloia egiten hasi dira. "Bizilagunek eskaera luzatu ziguten, eta gu ere jakitun ginen hor zegoen arriskuaz", esan du Amaia Azkue Berastegiko alkateak.

Berastegi eta Tolosa lotzen dituen errepide nagusiaren ondoan, etxebizitza asko daude errepideari itsatsita. Horietako bat da Modestoenea etxea, plazatik gertuen dagoena. Hiru familia bizi dira bertan, eta etxetik herrigunera iristeko, orain arte ez zegoen errepide nagusitik joan beste aukerarik. Orain, «irisgarritasuna hobetzeko», espaloia jarriko dute beste espaloi zatia hasten den lekura arte.

Dagoeneko hasi dira lanak egiten. 37.000 euro inguru bideratu ditu udalak lan horiek egiteko, eta bost aste inguruko lanak izango direla aurreikusi du Azkuek. Bien bitartean, errepide nagusian, semaforoak jarri dituzte bi noranzkoetan.

"Errepidea estutu gabe egingo da espaloia, hau da, errepideari erantsita zeuden lurren jabeekin lagapen hitzarmena sinatu dugu, eta eremu horretan egingo da espaloia", azaldu du Azkuek. Errepidea eta ondoko lur eremuaren artean, ordea, desnibel handia dago, eta eskoilera bat egingo dute altuera eman eta errepidearen altu eran espaloia egiteko.

Sasoi eraikuntzak SL enpresa ari da obra lanak egiten. Azkuek azaldu duenez, 40.000 euro baino gutxiagoko lanak zirenez, ez dago lehiaketa irekia egin beharrik. "Jaso ditugun hiru aurrekontuen artean, Sasoi enpresarena zen egokiena".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!