Koronabirusa

«Lana jaitsi zenez, PCR probak egiteko baimenak lortzen hasi ginen»

Irati Saizar Artola 2020ko urr. 7a, 07:59

Gaixotu gabe ere, norbanako askori PCR proba egiteko eskatzen zaie, izan lan bidaietarako edota ebakuntza baterako; zerbitzu hori eskaintzen du Itziar Zubillagak lan egiten duen enpresak.

Gaixotasun genetikoen diagnostikoan egiten du lan Itziar Zubillagak (Berastegi, 1978), DNA Data enpresan. Pandemiaren eraginez lana gutxitu eta PCR probak egiten dituzte egun; norbanakoei laginak hartzetik, emaitza jakin eta osasun txostena osatzerainoko prozesua eramaten dute aurrera enpresan.

Zuen enpresak PCR probak egiten ditu. Nolatan hasi zarete lan horretan?

Pandemiarekin batera ospitaleetan kontsultak murriztu egin ziren. Pazienteak zuzenean kontsultara ezin izaten zuen joan, beraz, guk lan egiten dugun sailarentzat, genetikako sailarentzat, geldialdia izan zen. Lana asko jaitsi zen. Ospitale mailaz gain, ugalketa lagundua eskaintzen duten zentroentzat ere lan egiten dugu, eta haiek ere lana gelditu beharra izan dute. Beraz, aukera bagenuenez, PCR probak egin ahal izateko baimenak eskatzen hasi ginen Eusko Jaurlaritzan eta Osasun Sailean. Ikuskapenak ere pasa genituen eta aukera ona izan zitekeela ikusi genuen. Azken batean eskaria bazegoen, eskari pribatua, Osakidetzak bere gain hartzen ez zuen hura ere hor baitzegoen. Eta baliabideak bagenituen, baita nahikoa ezagutza ere.

Aldaketa asko egin behar izan dituzue enpresan PCR probak egiteari bide emateko?

Aldaketa nagusiena gela bat egokitzea izan da. Gela hori isolatu egin dugu, eta PCR probak egiteko soilik erabiltzen dugu.

Lehen egiten zenituzten lanak alde batera utzi dituzue?

Ez, guztiarekin aurrera jarraitu dugu. Gainera, osasungintzan hasi dira pixkana bestelako probak ere berriro bidaltzen, beraiek ere hasiak baitira betiko jardueretara bueltatzen. Azken bi hilabete hauetan, egia esan, azterketa genetikoen eskaria handitzen doala ikusi dugu, eta orain COVID-19ari eta bestelako eskariei aurre egiten ari gara, ahal den neurrian.

COVID-19a atzemateko PCR probak soilik egiten dituzue?

Egiten dugun azterketa nagusia PCRa da. Baina antigorputzen test azkarra ere egiten dugu eta orain proba berri batekin hasi gara: antigenoen detekzioarekin. Orain arte, COVID-19az kutsatuta geunden jakin ahal izateko PCR proba egiten zen. Proba horrek birusaren RNA atzematen du eta positibo ematen dutenak kutsatuta daudela esan nahi du. Proba horren emaitza lortzeko bere denbora behar da, ordea; 24 ordu behar izaten dira. Orain merkatura beste azterketa mota bat atera da; horiekin lagina berdin-berdin hartzen da sudurretik edo ahotik, eta antigenoak detektatzen dira, hau da, birusaren proteinak, nolabait esateko. Kapsula birikoan dauden proteinak detektatzen dira, eta emaitza 15 minutuan lortzen da. Denbora murrizteaz gain, ekonomikoki ere errentagarriagoa da. Baina honek ere, detekzio guztiek bezala bere mugak ditu. Proba honek ez du balio kasu guztietarako. Pazienteek ezaugarri jakin batzuk eduki behar dituzte: sintomak izan behar dituzte eta lehen bost egunetan egin behar da; ondoren ezin da egin. Eta zenbait kasutan, negatibo ematen badu ere, PCR probara bueltatu behar izaten dugu ziurtatzeko.

Pazienteei zuek egiten dizkiezue probak?

Bai, guk egiten dugu prozesu guztia. Kontsulta bat egokitu dugu gure enpresan, pazientea egoteko eta laginak hartzeko. Baina guri beste zentroetatik ere laginak iristen zaizkigu, hau da, aztertzen ditugun PCR guztien laginak ez dira guk hartutakoak. Mediku zentroetatik iristen zaizkigu asko, izan ere, askok ez daukate laborategia horretarako prestatuta.

Eta nori egiten dizkiozue proba horiek?

PCR proba egiteko daukagun perfila ezberdina da. Norbanakoentzat edota enpresentzat egiten ditugu. Azken finean, arrazoi ezberdinengatik, baina PCR proba denei inposatu zaigun proba bat da. Enpresa asko ditugu kanpora bidaiatzen dutenak, eta denei PCR proba egina izatea eskatzen diete. Osakidetzak proba horiek ezin ditu egin, nahikoa lan baduelako pazienteekin. Orduan, guk zerbitzu hori eskaintzen dugu, azken batean, enpresak behartuta baitaude proba horiek egitea beraien langileei. Gero, esaterako, dentistara zoazenean eta kirurgia txiki bat egin behar badizute ere PCRa eskatzen dute. Badaude egoera batzuk COVID-19an positibo edo negatibo zaren justifikatzea behartuta zaudenak, eta guk zerbitzu hori ematen dugu.

Edonor joan daiteke beraz zuenera?

Hori da. Diru kopuru bat ordainduta egin daiteke proba. Saiatu gara ahalik eta ekonomikoen izaten, baina kontuan hartu behar da PCRa ikerketa genetiko bat dela eta nahiz eta guztiek egin ahal izateko merkeen jartzen saiatu, bere kostua du. Adibidez, guk norbanako pribatu bati 100 euro inguru kobratzen diogu PCR proba.

Zuek gero osasun txosten bat egiten duzue emaitzarekin?

Ikerketa genetiko bat denez, osasun txosten bat egiten dugu. Bertan, oso argi azaltzen dugu zergatik etorri den, zer emaitza eman duen eta emaitza horrek zer esan nahi duen.

Zer moduz daramazue lan karga pandemian?

Hasieran lagin kopuru batekin hasi ginen eta orain bikoiztu egin da kopuru hori. Hala ere, 24 ordutan ematen ditugu emaitzak. Ordu gehiago eskaintzen dizkiogu orain, lagin gehiago iristen zaizkigulako, baina oraindik gaitasun nahikoa badugu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!