Lasterketa luzeetan, gusturago

Imanol Garcia Landa 2020ko ira. 23a, 19:58
Iban Agirrezabala, Canfranc-Canfranc ultra traileko probaren helmugan. ION LARRAƑAGA

Canfranc-Canfranc ultra trailean bigarren eginik, bere lorpen handiena egin du Iban Agirrezabalak; mendi lasterketa luzeetan gusturago aritzen dela dio berastegiarrak, erritmoa lasaiagoa delako.

Orain arteko lorpen handiena eskuratu du Iban Agirrezabala (Berastegi, 1986) mendi lasterkariak, Canfranc-Canfranc 75 kilometroko ultra trailean bigarren eginez. Pozik dago Agirrezabala: «Mendi lasterketetan ibiltzen garenon artean Canfranc-Canfranc badakigu zer den, gogortasun aldetik batik bat, eta kontuan izanik bertan izan ziren parte hartzaileak, lorpen handia da bigarren izatea, eta baita egindako denbora ere». Berastegiarrak 12 ordu eta 30 minutu behar izan zituen lasterketa amaitzeko, eta irabazlea izan zen Jordi Gamitorengandik 11 minutura helmugaratu zen.

Goi mendiko lasterketa dela azaldu du Agirrezabalak, probaren zailtasunagatik: «Pirinioetan ez da hemen bezala, harri handiagoak daudelako, zorua ez da berdina, eta desnibel handikoa da, 75 kilometrotan 6.500 metro igo baikenituen. Lasterketa batean korrika aritzen garela esaten da, baina oso gutxi egin genuen, Pirinioek gogortasun oso berezia baitute normalean». Berastegiarrak ez zuen espero horrelako postu batean helmugaratzea, baina, bestalde, sentsazio onak zituela, eta udan zehar bolumen asko egin duela azaldu du. «Txukun aritzeko asmoa banuen, baina gero ikusita lortutako postua eta denbora, askoz gehiago betetzen zaitu», esan du.

Lasterketa modu berezian egin zuten, COVID-19aren inguruan antolatzaileek hartutako neurriengatik. Erlojupekoa bezala egin zuten, eta lehenengoak 30 segundora atera ziren. Jordi Gamito izan zen lehena ateratzen, gero Jokin Garai eta ondoren Agirrezabala. «Jokin harrapatzen saiatu nintzen, banekielako erritmo polita emango zuela lasterketan zehar, eta behin harrapatuz gero eta berarekin joanez gero, 30 segundo aurretik joango nintzatekeelako», zehaztu du Agirrezabalak. Lehen igoeran lehenengo hiruak elkartu ziren, eta lasterketako puntu guztietan berastegiarra azaltzen zen probaren buru. Lasterketaren erdialdera, anoa puntu batera iritsi ziren, baina Agirrezabala izan zen azkena ateratzen. «Gerora berriz harrapatu nituen eta Jokin baxuago zegoela ikusten nuen, eta Gamitok, haren ahulgunea ikusi zuenean, erritmo aldaketa egin zuen eta bakarrik egin zuen aurrera».

Garaik tripak ez zituen ondo, eta pixkana aurrera egin zuen Agirrezabalak. «Horrelako lasterketetarako urdaila ere entrenatu behar izaten da, asko jan behar baituzu», esan du berastegiarrak. «Aurrenekoa bost minutura nuen, eta azkenean niri tripak pixka bat nahasten hasi zitzaizkidan. Horrelako lasterketa batean buruak eta gorputzak mila buelta ematen ditu; berreskuratu nintzen eta azkenean Gamitori denbora murriztea lortu nuen».

HURRENGOA, 86 KILOMETROKOA

Proba luzeetan gusturago aritzen dela dio Agirrezabalak: «Erritmoa lasaiagoa da. Entrenatuta ondo egon behar da, horretan dudarik ez dago, azkenean kilometro asko izaten direlako. Lasterketa motzak ere ondo etortzen dira eta gustura egiten ditut, baina beste estutu bat ematen diozu, kakoarekin joango bazina bezala».

Beste zenbait probetan ere postu onak lortu izan ditu Agirrezabalak. Esaterako, herriko Negu Trail proban bigarren egin zuen iaz. Buff Epic Trail lasterketan bosgarren postua ere eskuratu zuen, eta Intxixu Trail irabazia du, baita Jakan egiten den Pirineos Fit maratoia ere, beste korrikalari batekin batera.

Aurtengo denboraldian, konfinamendua eta gero egin duen lehenengo lasterketa izan da Canfranc-Canfranc. Aurrera begira beste lasterketaren batean parte hartzeko asmoa du: «Orain lasterketa batzuk egingo direla ari dira esaten, beste batzuk ez; beraz, ea aukera dagoen beste lasterketa batean erakusteko zer moduz moldatzen naizen. Izena eman dut Bejarren egiten den Ultrail La Covatilla proban. 86 kilometrokoa da eta urriaren 3an izango da. Ustez hankak ondo berreskuratzen ari gara eta ikusiko dugu nola doan».

Konfinamenduan zehar etxean entrenatu ahal izan du, eta aukera izan duenean atera da kanpora kirola egitera. Hain justu, bideo berezi bat grabatu zuen, T3T probaren ibilbidea eginez, berez jokatzekoa zen egun berean, eta asko zabaldu zen Internetez. «Antolatzaileen artean lagunak ditut, eta urtero atera naizen lasterketa denez, erabaki nuen lasterketaren egun berean bideoa egitea ibilbidea osatuz, omenaldi moduan. Urte guztian zehar egiten duten lana da, eta aurten bertan behera geratu denez, opari txiki moduko bat izan zen nire aldetik». Mezu asko jaso zituen bideo horrengatik Agirrezabalak, eta polita izan zela dio: «Entrenamendu bat ere izan zen, baina beste motibazio eta ilusio batekin egindakoa».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!