Ikasturte berriko ikastaroetan izena emateko aukera zabaldu dute

Ataria 2020ko irailaren 23a

Irailaren 28a izango da ikastaroetan izena emateko azken eguna. Berrikuntza moduan, euskal dantzak ikasteko zein musika ikasteko aukera egongo da.

Ikasturte berrirako ikastaroak antolatu ditu Berastegiko Udalak; DBH 1etik aurrerako gazteentzat eta helduentzat izango dira. Interesa duenak, etxez etxe banatu den orrian datuak bete eta udaletxean aurkeztu beharko du irailaren 28a baino lehen (udal bulegoetan, karreapeko buzoian edo liburutegian). 

Besteak beste, honako ikastaroak eskainiko dira aurten: mantenimendu gimnasia, pilates, zumba, yoga, ingelesa, joskintza, bertsolaritza eta neskentzat pala. Aurten, berrikuntza moduan, bi ikastaro nabarmendu nahi ditu udalak: euskal dantzak eta musika. Euskal dantzak irakasteko ardura Tolosako Udaberri dantza taldeak izango du, eta musikaren arloa I. Larrañaga Musika Eskolak eramango du. Solfeoarekin batera, instrumentu hauek jotzen ikasteko aukera izango da: trikitixa eta panderoa, txistua, pianoa, gitarra eta akordeoia.

Zalantzak dituenak 943 68 3000 deitu edota kultura@berastegi.eus helbidera idatzi beharko du.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!