Azken asteetan, pentsalari korear alemaniartu bat izan dut irakurgai: Byung-Chul Han. Eta, aspalditxotik, behatutako jarrera edo ondorioztatutako ideiak gorpuztu ditut bere tesietan. Labur azalduta, zera proposatzen du: egungo gizartea errendimenduaren gizartea da, ustez libreak, baina auto-ustiatzea axioma duen gizabanakoz osatua. Errealizatua sentitzearen izenean, auto-ustiatzea edo, castellanoz, auto-explotatzea, onartzen duen gizakiz osatua, non banakoa bera den harrapatua zein harraparia.
Filosofoak proposatutako gizarte ereduko partaideen nolakotasunik adierazgarriena positibismoa da: mugarik gabeko balizko- ahalmena, edozertarako. Heldulekurik gabeko positibismoak, ordea, porrota sentimena zein depresio sasoiak nozitzera eramaten dute norbera, nekearen gizadia ernalduz. Hala deitzen da, hain zuzen, aipatutako irakurgaia.
Heldulekurik gabeko positibismoak, ordea, porrota sentimena zein depresio sasoiak nozitzera eramaten dute norbera, nekearen gizadia ernalduz
Zalantzati, edo, areago, mesfidati, begiratzen diet, beraz, errealizazio sentimendu; ustezko amets, arrakasta gose edo jomuga ezberdinei. Izan ere, egiari zor, kontua ez da zer, baizik eta nola edo, areago: zeren kontura.
Gogora ekarri nahi dizuet bomba hitza latinezko bombus-etik eratorria dela eta zarata bortitza adierazten duela. Autoexplotazioaren positive bomb-ak, ostera, ez du aparteko zaratarik egiten lehertzen denean: isilpetik egin ohi du eztanda, bakardadean edo osasun mentaleko kontsultaren batean.
Lehergailuaren atzerako kontua martxan da jada, eta batek baino gehiagok eginen zuten edo genuen- eztanda dagoenerako. Sasoiz gabiltza, hala ere, errendimenduaren gizarteaz eta autoexplotazio positibistaz hausnar egin eta, zergatik ez, eraldatzeko: isilpeko leherketak entzutea ekiditeko, beti ere.