Euskara hobetzeko ikastaroak eskainiko ditu Berastegiko Udalak

Ataria 2020ko abuztuaren 6a

Gutxieneko taldekide kopurua bildu ezkero, herrian bertan egingo dira kurtsoak; ikastaroak diruz lagunduko ditu udalak. Matrikula egiteko epea irailaren 5ean amaituko da. 

Euskara ikastaroak antolatuko ditu Berastegiko Udalak eskualdeko euskalgintzako beste hainbat eragilerekin elkarlanean. Herriko udalak azaldu duenez, "behe, erdi eta goi" mailako euskara ikastaroak eskainiko dira. 

Taldeak egiteko garaian parte-hartzaileei komeni zaien ordutegia eta haien jakintza maila kontuan hartuko direla ere gehitu du Berastegiko Udalak. Era berean, taldea sortzeko gutxieneko partaide kopurua bilduz gero, ikastaroak Berastegin egingo direla ere aurreratu du; eta ikastaro guztiak diruz laguntzeko konpromisoa ere azaldu du antolatzaileak.

Matrikula egiteko epea irailaren 5era arte izango da. Izena ematen dutenei bilera baterako deia egingo zaie epea amaitu eta egun batzuetara . 

Informazio gehiago eskuratzeko udaletxean galdetu daiteke, edota udaleko telefonora dei egin: 943 683 000

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!