Mikroipuin irabazleek jaso dituzte sariak

Ataria 2020ko ekainaren 29a

Berastegiko III. Mikroipuin lehiaketako sari banaketa egin zuten larunbat arratsaldean; ekitaldira Ixabel Agirresorobe ipuin kontalaria gonbidatu zuten. 

Sare sozial bidez zabaldu zituzten saridunen izenak konfinamendu bete-betean, baina sari banaketa ekitaldia ezin egin gabe utzi, eta larunbat arratsaldean hartu zuten horretarako tartea. Eta zer hobe, ipuinak entzunez egitea baino, bada, Ixaber Agirresorobe izan zen ipuin mordo bat kontatzen. Adin tarte guztientzako ipuinak kontatu zituen, sariak banatu bitartean. Eta sariak banatzerakoan, irabazleen mikroipuinak entzuteko aukera ere izan zen. Agirresarobek irakurri zituen gehienak, baina maila nagusikoenek beraiek irakurri zuten eurena.

Aurten, hirugarren edizioa izan da, eta antolatzaileek azaldu dutenez, aurreko edizioekin alderatuz parte hartzaile kopurua hazi egin da; kategoria guztietan, 42 herritar izan diren mikroipuinen bat idatzi dutenak.

Lehenengo mailan, 12 urte bitartekoetan, Maitane Ugartemendiak jaso du lehen saria eta Jon Lasak bigarrena. Bigarren mailan, berriz, 12 eta 16 urte artekoetan, Miren Aranalderen mikroipuina izan da lehen saria jaso duena eta Uxue Garmendiak jaso du bigarren saria. Eta azkenik, hirugarren mailan, helduetan, Alazne Saizar izan da irabazlea eta Amaia Azkue geratu da bigarren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!