Suaren gainetik saltoka, Berastegin

Ataria 2020ko ekainaren 24a

Suaren gainetik salto egiteko aukera izan zuten Berastegiko eskola atarira gerturatu ziren herritarrek. Neurri bereziak hartu behar izan zituzten, baina, hala ere, iluntze ederra pasatzeko aukera izan zuten.

Ohiko moduan ospatu ez bazen ere, festa giroa nagusi izan zen San Juan bezperan, Berastegin. Udalak sua egiteko erabakia hartu zuen, eta udaleko kideak izan ziren neurriak errespetatu zitezen lanean aritu zirenak; hainbat gurasok ere lagundu zuten lan horretan. 

Urtero moduan, eskola atariko futbol zelaian piztu zuten sua, baina, afalostean piztu beharrean, 19:00etan egin zuten. Aurrez, gune horrek dituen sarbide guztiak itxi zituzten. Futbol zelaira sartu nahi zuenak eskuak garbitu behar zituen eta musukoa jantzita zeramala egiaztatzen zuten. Hori horrela, suaren garra pixka bat jaitsi zenean, salto egiteko aukera izan zuten herritarrek, txandaka eta ilara errespetatuz. Behin 20:30ak iristean, sua itzali zuten, eta festa amaitu zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!