Akatsek finaletik kanpo utzi dute Ane Urkizu berastegiarra

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 22a, 20:43
Ane Urkizu, eserita, ezkerrean, neurketaren une batean. EMAKUME MASTER CUP

Irantzu Etxebeste bikote zuela Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendiren aurka 18-3 galdu zuten atzo Elgoibarren jokatutako Emakume Master Cup Txapelketako finalerdia.

Ez da posible izan Ane Urkizu berastegiarrarentzat Emakume Master Cupeko finalera sailkatzea. Irantzu Etxebesterekin bikote eginez 18-3 galdu zuten Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendiren aurka, igandean Elgoibarren jokatutako finalerdia pilota goxoarekin. «Partida nahiko tristea izan zen, eta ez zen atera guk nahi bezala», esan du Urkizuk. «Hasieratik huts egiten hasi nintzen eta azkenean ez genuen gerra handirik eman».

Aurkariek eskarmentu handiko pilotariak direla erakutsi zuten. «Bikote indartsua zela bagenekien, eta gure helburua ahal zen gehien eustea zen, eta tantorik ez huts egitea», esan du berastegiarrak. «Baina hori ez genuen lortu, eta beraiek asko arriskatu gabe guk akats dezente egin genituen, eta ez genuen ia aukerarik izan gure alde tantorik egiteko ere».

Lau pilotariak elkarrekin entrenatu izan dira, eta partida borrokatuagoa izatea espero zen entrenamenduetan ikusitakoaren arabera. «Entrenamenduetan elkarri gehiago estutu izan diogu, eta igandeko partidan esperantza hori genuen. Oso zaila zen beraiei irabaztea, baina behintzat partida orekatuagoa egitea espero genuen», zehaztu du Urkizuk. «Urduri geunden bai ni eta baita nire bikotekidea ere horrelako partida bat jokatzeko».

Fisikoki ondo sentitu zela adierazi du berastegiarrak. «Beroa egiten zuen, baina ondo sentitzen nintzen eta partida bat jokatzeko aitzakiarik ez zegoen», esan du Urkizuk. «Baina urduritasunarengatik, besteak beste, ez genuen gure maila eman». Ikusleak izan ziren finalerdietan, eta Berastegitik hogei bat pertsona joan ziren animoak ematera Urkizuri. «Eskertzekoa da herritarrei bertara joan izana, eta eskertzekoa da antolakuntzari aukera hori ematea ikusleei. Garrantzitsuak dira jendearen animoak, eta are gehiago partida txar bat egiten ari bazara».

Aurrera begira txapelketaren bat antolatu da pilota mistoarekin, eta Urkizu ordezko bezala dago bertan. «Ea posible den hor partidaren batzuk jokatzea, eta bestela beste txapelketa bat antolatu arte zain egon beharko dugu», esan du Urkizuk. «Bitartean pixka bat entrenatzen jarraituko dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!