Ane Urkizuk finalerdia jokatuko du

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 19a, 05:59

Pilotari berastegiarrak Leire Etxanizen lekua hartuko du Emakume Master Cup Txapelketan; igandean izango da partida.

Emakume Master Cup Txapelketako finalerdia jokatuko du Ane Urkizu berastegiarrak igandean, 12:00etan Elgoibarren jokatuko den jaialdian. Leire Etxanizen lekua hartuko du Urkizuk: «Ezustekoa izan da. Ez nuen espero inondik inora, eta gogotsu nago eskainitako aukera aprobetxatzeko».

Leire Etxanizek uko egin zion jokatzeari. Emakume Pilotarien Elkartetik azaldu dutenez, Etxanizen ustez goizegi da oraindik, «pilotariek denbora asko daramate ganoraz entrenatu gabe. Horrez gain, osasun larrialdiak ere kezkatzen du Etxaniz, familian gertutik bizitzen ari baita Covid-19a. Horregatik, bere lehentasunak beste batzuk dira, eta koherentziaz jokatzea lehenetsi du». Urkizuk azaldu duenez, Etxanizek hartu duen erabakia «errespetagarria da. Niri tokatu zait aukera hori eta nire aldetik ahal dudan gehiena ematen saiatuko naiz».

Hirugarren parte hartzea du Urkizuk txapelketan, eta finalerdietara aurretik ez da iritsi. Irantzu Etxebeste izango da bere bikotea, hau da, txapelketan Etxanizen bikotea izandakoa. Hain justu, horien aurka galdu zuen Urkizuk final-laurdenetako partida. Aurkaria zena, beraz, bikote izango da: «Entrenamenduan gustura aritu gara. Noski, gero eta gehiago elkarrekin entrenatu hobea izango litzateke, baina egoera horrela tokatu da».

Orain pare bat aste galdetu zioten parte hartu nahi zuen, eta ordudanik aritu da herriko frontoian prestatzen. Bikotearekin Latasan entrenatu du eta aste honetan ere asmoa dute entrenamenduren bat egiteko. Bestela, konfinamenduan entrenatzeari utzi zion Urkizuk, txapelketatik kanpo geratu baitzen: «Denbora asko neramatzan pilotan jokatu gabe, eta bi aste hauetan ajeak-eta izan ditut, baina jarriko gara pixkana, orain sufritzea tokatzen bada ere».

Finalerdietan Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi izango dituzte aurkari. Urkizuk dio «partida gogorra» izango dela: «Urte asko daramatzate pilotaren munduan, eta uste dut bikote gogorra tokatu zaigula, baina saiatuko gara gerra pixka bat ematen».

Pilota goxoaren modalitatean ari da lehiatzen Urkizu, eta igandean Elgoibarko jaialdian jokatuko den beste finalerdian Ainhoa Ruiz de Infante-Amaia Jaka eta Nagore eta Leire Galeano ariko dira elkarren aurka. ETB1 telebista kateak emango ditu partidak, zuzenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!