Koronabirusa

«Odola ezin daiteke diruarekin erosi»

Irati Saizar Artola 2020ko eka. 5a, 12:00

Urtean hiru aldiz etortzen dira Odol Emaileen elkartekoak odola ateratzera Berastegira; normalean, 50 herritar inguruk ematen dute, eta azken emanaldian muga bat ezarri zuten segurtasun neurriak errespeta zitezen. Lurdes Otegi eta Marixol Atxukarro odol emaile eta antolatzaileak dira Berastegin bertan.

Odola ematera Berastegira joaten denak berehala ikusiko ditu guztia antolatzen Lurdes Otegi (Berastegi, 1959) eta Marixol Atxukarro (Berastegi, 1956). Urteak daramatzate Odol Emaileen elkartekoekin elkarlanean, eta Berastegin tokatzen den guztietan, antolaketa lanetan aritu ohi dira. Bestalde, biak dira odol emaileak. 

Noiz eta nola hasi zineten lan horietan?

Marixol Atxukarro: 2000. urtean jarri zen martxan zerbitzua Berastegin. Lehendik Tolosara jaisten ginen odola ematera. Pentsatu genuen, herrian hasiz gero jende gehiagori aukera emango zitzaiola. Lehenik eta behin herriko komertzioetan paper batzuk jarri genituen, jakiteko, ea zenbat jende egon zitekeen prest odola emateko. Sekulako jende pila apuntatu zen.

Lurdes Otegi: 100 pertsona inguru apuntatu ziren. Farmazian eta mediku etxean jarri genituen orri horiek.

M. A.: Odol emaileen elkartera deitu genuen, eta ikusi zutenean jende asko animatu zela, etortzen hasi ziren.

L. O: Esan zuten 20-25 lagun bilduz gero, haiek etortzeko adina bazela. Eta horrela hasi ziren. Lehen urteetan bi aldiz etortzen ziren urtean, eta jendeak ondo erantzuten zuela ikusi zutenean hiru emanaldi jarri ziren.

Zuek hasi zineten, beraz, bazterrak mugitzen. 

L. O.: Hasiera hartan, etxez etxe abisua pasatzen gu ibiltzen ginen eta odol emaileentzat ere merienda guk erosten genuen; baita orain ere. Gastu horiei buelta emateko, hasieran, herriko komertzioetan laguntza eskatu genuen.

M. A.: Orain, ordea, udaletxetik bideratzen dira gastu horiek. Eta horrekin moldatzen gara gastuak ordaintzeko.

Ardura edo kezka bat bazenuten aurretik ere gaiaren inguruan.

M. A.: Bai, odola behar duenak ezin lezake diruarekin erosi, beraz, borondatea behintzat badugu.

L. O: Aurreneko ordezkaritzan Jose Luis Agirrezabala herriko medikua izan zena aritu zen delegatu moduan. Eta gu laguntzaile bezala hasi ginen. Urte batzuen ondoren, Agirrezabalak utzi egin zuen, eta horrela jarraitu dugu aurrera.

Zein da zuen egitekoa zehazki? 

M. A.: Urte hasierarako egutegia bidaltzen dute, odol ateratzeak noiz izango diren zehazteko. Eta gero, egun batzuk lehenago kartelak bidaltzen dizkiete Lurdesi. Urte askoan eskolako garbitzailea izan naiz eta eskolan bertan ematen denez odola erraztasun hori bagenuen. Nahiz eta orain ez garbitu, eskolan ematen jarraitzen dugu, eta ez dugu inolako arazorik izan. Gela egokiak ditu egia esan. Eta egunean bertan gauzak prestatzen ditugu gehien bat. Merienda prestatu eta bukatzen doan heinean berriz jartzen dugu. Eta behin guztia amaitzean, dena jasotzeaz arduratzen gara. Horrez gain, Eguberrietarako txartel bat prestatzen dugu herriko emaile guztiei zorionak emateko. Urte horretan izan diren odol emate kopurua zehazten dugu, eta datorren urteari begira zein data tokatzen diren ere aipatzen dugu.

Zuek emaileak ere bazarete.

M. A.: Azkeneko txandan 70. aldiz eman nuen.

L. O.: Nik 40.a aspaldi eman nuen eta 50 inguruan ibiliko naiz orain. 

Herriko gazteak animatzen al dira odola ematera?

L. O.: Gazte jendeak nahiko ondo erantzuten du, bai.

M. A.: Gazteak baino erdi pareko adin tartean hutsune gehiago nabaritzen dugu. Gazteetan ere etapak izaten dira, haurdunaldia dela, bularra ematea tokatzen dela, bidaiatu ere asko egiten da.

Eta azken odol ematea berezia izan duzue. 

L. O.: Oraingoan guztia Odol Emaileen elkartetik antolatu dute. Mezu elektroniko bat bidali zieten odol emaileei, eta hitzordua hartzea derrigorrezkoa zen pilaketak ekiditeko. Muga bat jarri zuten, eta hitzordu guztiak bete ziren. Jatekoa eta dena beraiek ekarri zuten, eta herritarrek oso ondo erantzun zuten.

Odol Emaileen elkartekoak pozik izango dira, beraz, Berastegirekin.

M. A.: Gogoan dut lehen aldiz odola ateratzera etorri zirenean harrituta geratu zirela zenbat O- zegoen Berastegin. Portzentaje handia omen zegoen eta atentzioa deitu zien.

L. O.: Gaur egun, odola ateratzera etortzen diren aldiro, 50 lagun inguru animatzen dira, beraz, pozik izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!