Lorez apaindutako leku ederrenaren bila hasiko dira Berastegin

Ataria 2020ko ekainaren 2a

Leiho, balkoi eta terraza lehiaketa antolatu dute, batetik, eta lorategi lehiaketa, bestetik. Izena emateko epea ekainare 30ean amaituko da.

Azken urteetako ohiturari eutsiz, Berastegiko Udaleko kultur batzordeak, hamabigarrenez antolatu du Leiho, balkoi eta terraza lehiaketa, eta hamaikagarrenez Lorategi lehiaketa. Horrela, etxe inguruak mimoz apaintzen dituzten horiek sariak jasotzeko aukera izango dute.

Parte hartzeko aurrez izena eman beharko da honako bideen bitartez: 943 683 000 zenbakira deituta edo udaletxeko arrera bulegoan bertan izena emanda. Honako datuak eman beharko dira: parte hartzailearen izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta zein lehiaketetara apuntatu nahi duen (bietara izan daiteke). Izena emateko azken eguna ekainaren 30a izango da.

Lehio, balkoi, terraza eta lorategiak uztailean baloratuko dituzte batzordekide zein loreen zaintzan teknikaria den batek. Etxez etxe ibiliko dira puntuazioa jartzen. Parte hartzaileei aldez aurretik jakinaraziko zaie zein egunetan joango diren. Argazkiak aterako dituzte eta udalaren webgunean jarriko dituzte ikusgai.

Puntuazioa egiteko honako ezaugarriak hartuko dira kontuan: kolorea, landareen ugaritasuna, konbinaketa, estetika eta txukuntasuna.

Guztira, sei sari banatuko dituzte: modalitate bakoitzean hiru. Aurrerago jakinaraziko dute sari banaketa noiz egingo duten. Saridunak aukeratzerako garaian, ziklikoki banatuko direla azaldu dute, "ahalik eta partaide ezberdin gehien saritu ahal izateko"; hau da, iazko irabazleek aurten ez dute saria jasotzerik izango, baina bai datorren urtean.

Lehiaketa egin ahal izateko, gutxienez 5 parte hartzaile beharko direla azaldu du kultura batzordeak, gainerakoan bertan behera geratuko da lehiaketa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!