Zabaldu dute mikroipuinak aurkezteko epea

Irati Saizar Artola 2020ko mar. 10a, 19:58

Parte hartzaile bakoitzak, 100 hitz baino gutxiagoko nahi adina ipuin idatzi eta aurkeztu beharko ditu apirilaren 3rako.

Martxan da Berastegiko mikroipuin lehiaketa; hirugarrenez antolatu du udal liburutegiak. Apirilaren 3a bitarte aukera izango da mikroipuinak aurkezteko, eta apirilaren 26an izango da sari banaketako ekitaldia.

Aurten ere hiru mailatan banatu dituzte parte hartzaileak: 12 urte bitartekoak batetik, 12 eta 16 urte artekoak bestetik, eta 16 urtetik gorakoak azkenik.

Parte hartu nahi duenak 100 hitz baino gutxiagoko nahi adina mikroipuin aurkez ditzake. Betiere euskaraz izan beharko dute eta gaia librea izango da. Antolatzaileek zehaztu dutenez, sarituak izan ez diren obra original eta argitaratu gabeak aurkeztu beharko dute.

Egileak lanaren kopia bat aurkeztu beharko du ordenagailuz idatzita, Arial12 formatuan eta 2ko tartez idatzia. Lanak izenburu bat izan beharko du, eta ez da sinatu behar. Gutun-azal batean sartu eta maila zehaztu beharko zaio. Horrekin batera, beste gutun azal bat bidaliko da, kanpoaldean lanaren izenburua eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, adina, telefona eta posta elektronikoa zehaztuz.

Epaimahaiak honako puntuak izango ditu kontuan lana baloratzerako garaian: originaltasuna, euskara maila eta narrazioaren egitura.

IPUIN SARITUAK

Sari banaketaren eguna apirilaren 26rako zehaztu dute. Aurretik aurkeztu beharko dira lanak, ordea, epaimahaiak denbora izan dezan guztiak epaitzeko.

Maila bakoitzeko lehenak 50 euro eta Elkar liburu dendan gastatzeko txekea irabaziko ditu, eta bigarrenak, 30 euro eta honek ere, Elkar liburu dendan gastatzeko txekea.

Bestalde, ipuin sarituak urtero kaleratu ohi duten Aidanen aldizkarian argitaratuko dira. Lehiaketara aurkeztutako gainerako lanak, aldiz, liburutegiko web orrian argitaratuko dituzte, izenpetuta edo anonimoki, egileak nahi bezala.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!