Bake epaile titularra eta ordezkoa izendatzeko prozesua, abian

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 18a, 08:33

Martxoaren 6a bitarteko epea izango dute Berastegiko herritarrek bake epaile izateko hautagaitza aurkezteko.

Berastegiko bake epaile titularra eta ordezkoa izendatzeko prozesua martxan jarri du udalak. Pasa den ostiralean zabaldu zen hautagaitza aurkezteko epea, eta martxoaren 6a bitarteko egunak izango dituzte herritarrek beharrezko dokumentuak eta euren burua aurkezteko.

Epe horretan, Berastegiko herritar hautagaiek pertsonalki aurkeztu beharko dute beraien hautagaitza Berastegiko Udalaren sarrera erregistroan, eta bulegoak irekita dauden ordutegiaren barruan egin beharko dute aurkezpen hori, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara. Balioa izango duen aurkezpen hori egin ahal izateko, alkatetzak onartutako eskaera orri eredua bete beharko da aurrez.

Interesa izan dezaketen pertsona guztientzat espedientea ikusgai jarri dute udaletxeko idazkaritzan. Bertan, besteak beste, karguaren baldintza, iraupena eta ordainsariei buruzko informazioa emango da.

Botere Judizialeko Lege Organikoko 99. artikuluan eta jarraian daudenetan, eta Bake Epaileei buruzko ekainaren 7ko 3/95 arauan ezarritako baldintzak bete beharko ditu hautagaitza aurkeztu nahi duen herritar horrek.

Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denean, osoko bilkurak izango du ardura bake epaile titularra eta ordezkoa aukeratzeko. Betiere, ezarritako betebeharrak betetzen dituzten hautagaien artean hartuko dute erabaki hori.

Inork eskaerarik aurkeztuko ez balu, osoko bilkurak, askatasunez, baldintzak betetzen dituzten herritar guztien artean aukeraketa egin dezakeela ohartarazi du Berastegiko Udalak. Edozein kasutan, hautapen erabakiaren berri EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari emango zaio,behin erabakia hartuta, erakunde horrek izendapen formala egin dezan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!