Proiektu eta helburuak zehaztuta, aurrekonturako

Irati Saizar Artola 2020ko ots. 5a, 12:29

Berastegiko Udalak 2020an 1.120.782,35 euroko aurrekontua izango du eta helburuetako bat mediku kontsulta zaharreko obrekin hastea izango da.

Dagoeneko onartua du aurtengo aurrekontua Berastegiko Udalak. 1.120.782,35 euro izango dituzte aurtengorako, iazkoarekin alderatuta %2,67ko igoera izan du. Martxan dituzten proiektuen jarraipena egitea eta mediku kontsulta zaharreko eraikina berritzeko obrekin hastea dira helburu nagusiak.

Aurrekontuaren sarrerei dagokienez, %66 inguru Gipuzkoako Foru Aldundiko Udal Finantziaziorako Fondotik jasoko du udalak. Amaia Azkue Berastegiko alkateak azaldu duenez, «aurreko urtean eman zigutena aurreikusten dugu beti, eta aurten uste baino diru sarrera handiagoa izan dute, beraz aurreikusitakoa baino diru gehiago jasoko dugu martxoan».

Gainerako diru sarrerak, udal zerga eta tasetatik jasoko dituzte, eta baita erakunde ezberdinen diru laguntza eta hirigintza aprobetxamenduetatik ere. Azken sarrera hori, eraikuntza, instalazio eta lanen gaineko zerga da, eta gaur egun, %4 kobratzen du udalak.

Aurrekontuaren gastuetan badute aldaketa bat aurten. Gastuen heren bat pertsonal gastuetara bideratu dute; «igoera» izan du atal horrek, izan ere, etxez etxeko zerbitzua publifikatu du udalak. Horrela, zerbitzu hori eskaintzen ari diren hiru langileak, enpresa bateko langile izatetik udaleko langile izatera pasatu dira.

Bestetik, udal eraikin eta udal zerbitzuekin «zati handi bat» joaten zaiela dio Azkuek. «Azken batean, herritarrei zerbitzuak ematen dizkien diru zati bat da». Bestalde, hainbat elkarte eta erakunderi ematen dizkieten laguntzak sartzen dira gastuetan. Hala nola, mankomunitatea, Tolosaldea Garatzen, Tolomendi, UEMA... eta beste hainbat.

Horrez gain, udal eraikina berritzeko eskatu zen maileguak 70.000 euroko gastua eragingo dio aurten udalari. Eta gainerakoa, 150.753,84 euro, inbertsioetarako erabiliko dute.

INBERTSIOAK

Azken urteetan bezala, aurten ere, «argi» dituzten proiektuetarako sortu dituzte partidak, eta gero, urtean zehar, soberakinaren arabera jokatzen dutela azaldu du alkateak.

Inbertsioen atalean, urtero egiten dituzten hobekuntzekin jarraitzeko asmoa erakutsi du udalak. Espaloiak hobetu, mendi bideak konpontzen jarraitu eta auzo gehiago argiztatzeko konpromisoa hartu dute: «Harri zabaleko espaloiak daude oraindik zati askotan, eta pixkana galtzada-harriak jartzen joatea da asmoa». Argiztatzeari dagokionez, lan horiekin jarraitu nahi dute, eta aurten, auzo bat gehiago argiztatuko dutela esan dute.

Gainerakoan, larre komunalen proiektuarekin jarraitu nahi dute. 2019an egin zuten proiektu horretako inbertsio «potoloena», eta jarraipena eman nahi diote aurten. Besteak beste, egokitzapenak egingo dituzte mendiko ura aurrez jarritako depositura bideratzeko: «Dagoeneko ikusi dugu nondik hartu daitekeen mendiko ura eta depositura eta handik askara eramateko lanak egingo ditugu».

Itxitura zati bat ere jarriko dute, eta lurraren azterketari jarraipena emango diote lurrak zer behar duen ikusteko. Horrez gain, egun, Gimebel elkarteak eramandako behorrak daude larrean martxora bitarte, eta ondoren, herritarren ganadua eramatea da asmoa.

MEDIKU KONTSULTA ZAHARRA

Aurtengo inbertsio nagusienetarikoa mediku kontsulta zaharreko eraikineko obrak izango dira. 2018an egin zen galdeketa, eta herritarrei galdetu zitzaien ea zer egin nahi zuten eraikinarekin. Bi solairu ditu eraikinak eta goiko zatiarekin hasiko dira aurten. Herritarrek hala erabakita, gimnasioa egiten hasiko direla ziurtatu du Azkuek.

Beheko solairuan, erabilera anitzeko gela bat aurreikusi zuten, sukalde eta guzti, eta momentuz, lanketa bat egin nahi dute «herriari falta zaizkion zerbitzu batzuekin» nola osatu adosteko. «Buelta bat eman nahi diogu beheko solairuari, espazioari ahalik eta probetxu gehien ateratzeko», dio Azkuek. Jangelaren eta bertako produktuen gaiak mahai gainean dituzte, eta beharrak ikusi nahi dituzte ezer egiten hasi aurretik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!