Elurrik gabe ere, berdin gozatzekoa

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urt. 31a, 10:20

Igandean, III. Negu Trail lasterketa egingo da, Berastegin. Aurreko edizioetan ez bezala, giro epela izango da.

Gehienen ahotan dagoen gaia da. Bihar euria egitea aurreikusten bada ere, igandean eta astelehenean udaberri giroa izango dugu eskualdean. Hain justu, etzi, III. Negu Trail lasterketa izango da Berastegin. Aurten, ordea, aurreko bi edizioetan ez bezala, ez du hotzik egingo, eta ez du elurrik botako. Beraz, udaberri giroa izango dute lasterkariek.

Iaz, 300 korrikalari izan ziren irteeran, eta lasterketak izandako arrakasta ikusita, aurten ere, korrikalarien langa kopuru horretan ezartzea erabaki dute. Aritz Mujika antolatzailearen esanetan, «korrikalari horiek guztiak etxera gustura itzultzea da asmoa». Urtarrila hasieran itxi zuten izena emateko aukera; ondoren, baina, 30 laguneko itxarote-zerrenda bat ireki zuten, eta hori ere segituan bete zen. «Orain, zerrenda horretatik jendea sartzen ari da, lasterketako korrikalarien zerrendara. Beraz, 300 korrikalari izango direla ziurtatuta dugu».

Itsas mailatik 400 metrotara kokatzen den herriko plazan emango zaio hasiera lasterketari, 10:30ean. Aurretik, 16,35 kilometroko ibilbidea izango dute partaideek, hiru gailurrekin. Lehenik, Urdelar (859 m) igoko dute, 6,8 kilometroan; ondoren, Moa lepora jaitsiko dira, 8,8 kilometroan, San Lorentzo (808 m) igo aurretik; azkenik, Gorosmendira jaitsi eta gero, 11,6 kilometroan, Ipuliño (900 m) igoko dute.

«Hasiera gogor samarra duen ibilbidea da. Lehen mendatea igaro ondoren, gain batetik bestera, bide polit batean zehar joango dira lasterkariak», dio Mujikak. Hiru tontorrak, gainera, oso desberdinak direla azpimarratu du, horrek ere lasterketa hau bereizgarri egiten du. «Lehenengoan, pinudi ilun batetik igaroko dira, beldurrezko pelikuletan agertzen direnen estiloko batetik. Bigarrengo tontorra, berriz, nahiko garbia eta soila da. Azken tontorrera, pagadi batetik gora igo beharko dute, paraje ederrak ikusteko aukera eskaintzen duen ibilbidean».

Alderdi teknikoari dagokionez, hiru tontorrak alderatuz gero, batez ere, lehenengoan aurreikusten ditu zailtasun handienak. «Hiruretan daude aldapak, baina Urdelarren, 6-7 kilometro egin beharko dituzte gora, etenik gabe. Beste bietan, berriz, 1-2 kilometroko igoera tartekatuak izango dituzte». Behar bezala adierazita egongo da ibilbidea, eta tartean, anoa guneak izango dira. Partaide guztiek, gainera, istripu aseguru bat izango dute.

Herritarren lana, ezinbestekoa

«Herritarrek herriaren alde lan egitea da Berastegiren ezaugarrietako bat», nabarmendu du Mujikak. Hain justu, hori da lasterketa honen ezaugarri bereizgarrietako bat da. «Urte guztian zehar, hamar laguneko lantaldea aritzen da lasterketa antolatzen. Hala ere, aipatzekoa da gurea bezalako herri txiki batean, boluntarioz osatutako 110-120 laguneko multzo bat dugula, guztia aurrera eramaten laguntzeko. Guretzat ezinbestekoak dira. Guk gure lana egin arren, horiek kolaboratzera animatuko ez balira, ezinezkoa litzake lasterketa egitea. Beraz, eskertzekoa da guztien ahalegina».

Duela bi urte, elurra izan zen protagonista, irudi ikusgarriak utziz. Eguraldi aldetik ere, «edizio desberdina» izango dela dio. «Beharbada, orain arte elurrak egin du proba hau berezi eta erakargarri. Hala ere, eguraldi onarekin ere, igaroko dituzten parajeak oso ederrak dira. Bestetik, eguraldi honek, boluntarioen lana asko erraztu dezake, eta ondorioz, herritarrek ere lasterketaz gehiago gozatu ahal izango dute. Beraz, espero dugu, korrikalari nahiz ikusleek, elurrik gabe ere, elurrarekin bezain beste gozatzea».

Jatorriari dagokionez, 300 lasterkaritik 235, gipuzkoarrak izango dira, eta 50 inguru, nafarrak. Burgostik eta Errioxatik ere hurbilduko dira batzuk. Tartean, frantziar bat eta angolar bat ere izango dira. Lasterkari motari buruz galdetuta, aurreko bi edizioek partaide sorta oso zabala izan dutela nabarmentzen du Mujikak. «Irabazleak, mendi lasterketa motz eta luzeetan aurrean ibiltzen diren korrikalariak izan dira, izen handikoak. Bestela, orokorrean proba herrikoia izaten da, eta berastegiar askorentzat, gainera, lehen lasterketa izaten da».

Lasterketaren helburuari buruz galdetuta, Berastegi eta bere inguruak, jende gehiagorengan ezagutaraztea, baita herriak kirolerako ematen dituen aukerak baliatzea ere. «Ez genuen irudikatzen, baina lasterkari askok, jada beraien egutegietan markatuta duten lasterketa bat dela kontuan izanda, ondo egindako lanaren emaitza izan daiteke. Izen-emateak geroz eta azkarrago betetze horrek ere erakusten du lan ona egiten dela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!