«Parte hartzea sustatzea da helburua, nerabeak herritar aktibo izateko»

Irati Saizar Artola 2020ko urt. 29a, 19:59

Berastegiko nerabe guztiek daukate gaztelekura joateko aukera; erabilera «desegokia» tarteko, hilabete batzuk itxita eduki du udalak, baina berriro zabaldu dute funtzionamendu eta helburu berriekin.

Berastegiko 12 eta 17 urte arteko nerabeak biltzeko espazioa da gaztelekua. Garazi Otxandorena (Berastegi, 1998) gazteria suspertzaileak du gazte horiek hezteko ardura, eta funtzionamendu berriarekin ari dira abenduaz gero.

Duela bi urte jarri zen martxan gaztelekua. Nola abiatu zen proiektua?

Ni iazko maiatzean hasi nintzen lanean, eta ordurako hilabete batzuk bazeramatzan zabalik.

Zein zen hasiera hartako funtzionamendua?

Gazteei espazio bat ematea zen helburua, eta beraiek era autonomoan kudeatu behar zuten espazio hori. Horretarako talde ezberdinak egin ziren, eta astero, talde batek hartzen zuen espazioa txukun uztearen ardura. Talde bakoitzak ordezkari bat zuen, eta ordezkari guztiek udalarekin zuzeneko harremana zuten. Hori teorikoki, zeren, praktikoki ez zen horrela.

Zerekin egin zenuen topo?

Ni haiekin lan egiten hasi nintzenean ez ziren arauak errespetatzen, ez zen gaztelekua garbitzen. Dinamizatzaile edo horrelako figurarik gabe, bakarrik egoten ziren gaztelekuan, eta agian bazuten norbaiten beharra gauzak gogorarazteko.

Ze esku hartze egiten zenuen?

Ostiral arratsaldeetan joaten hasi nintzen, baina arrotz sentitzen nintzen, haiena zen espazio batean sartuko banintz bezala. Nire asmo nagusia nerabeak mugiaraztea zen, sofan etzanda egotetik ekintzak egitera pasaraztea. Zaila egin zitzaidan ordea.

Erabaki bat hartu zenuten.

Aldi baterako ixtea erabaki egokiena zela ikusi genuen. Gure helburuetako bat herritar aktibo bihurtu eta parte hartzea sustatzea zen, eta modu horretan ezin ziren helburuak bete.

Ixteko erabakia hartu zenutenean zein erantzun jaso zenuten gazteen aldetik?

Orduan denek hartu zuten pena. Ixtearen arrazoiak azaldu nizkien, eta autokritika egiteko ere eskatu nien. Batzuk segituan ulertu zuten zergatia. Izan ere, nerabeen artean denetik dago, eta agian talde txiki bat egongo zen gaztelekua modu horretara funtzionatzera bultzatzen zuena. Batzuen erruz gazte guztiei aukera kentzea, ordea, ez zitzaigun bidezkoa iruditzen.

Gurasoekin ere bildu zineten.

Bai. Prozesu osoa azaldu nahi genien, zergatik itxi zen eta orain zer den egin nahi duguna.

Eta iazko abendutik zabalik da berriro.

Bai, aldaketa nagusi batekin ireki dugu: irekita dagoen une guztietan ni bertan egoten naiz, hezitzaile moduan. Arauak ere zehatzagoak jarri ditugu, guztion artean adostuta, eta arauak ez betetzearen ondorioak ere beraiekin adostutakoak dira.

Egun, ordutegi zehatza dugu; ostegun eta ostiraletan irekitzen dugu, eta hilabetean larunbat arratsalde batean ere bai. Orain, hilabete guztiko ekintzak aurretik zehazten ditugu.

Zein dira ekintzak horiek?

Normalean ekintza librea izaten dugu, bakoitzak nahi duen gauza hori egiten du: hitz egin, jolastu, lasai egon. Bestela, ekintza puntualak egiten ditugu, adibidez, pelikularen bat ikusi, San Tomas egunean txistor jatea egin genuen edota pizza tailerra ere egin izan dugu. Gaztelekuaren barnean egiten ditugun ekintzez gain, gaztelekutik kanpo beste eragileek antolatzen dituzten ekintzetan parte hartzeko animatzea da beste helburuetako bat. Besteak beste, inauterietan, Euskal Jaian eta krosean. Ekintza horietan parte hartuz, ikasi egingo dute aurrera begira egokitu ahal zaizkien ardurei aurre egiten, adibidez, Urepele Elkartean bazkide egiten direnean ekintzak antolatzen.

Helburu argiak dituzue.

Bai, belaunaldi aldaketa etengabekoa denez, herriko ekintzak antolatzeko prestatuak egotea da asmoa. Eta aurreraxeago gaztelekua eragile bat gehiago izatea gustatuko litzaiguke. Gazteak herriaren parte izan daitezen sentitzea nahi dugu, azken batean, horrek ere bultzatzen zaitu herriaren alde lan egitera. Modu horretara, Berastegiko gazteak herrian bertan geratzera ere animatzen ditugu.

Aditu batzuekin jarri zarete harremanetan.

Bai, Gaztematikarekin ari gara lanean. Egia esan, beharrezkoa zen norbaiten aholkularitza. Bide honetan, Amezketako eta Zestoako gaztelekuak ezagutzeko tartea ere hartu dugu, beste hezitzaileen iritzia jakiteko.

Gaztematikako aholkulariarekin hilabetero elkartzen naiz eta zerbitzua nola eskaini behar den ari zait erakusten.

Aditu horiek gazteekin biltzen dira?

Hilean behin Harremanak kooperatibako kideak etortzen dira, hezkidetza saio batzuk ematera. Psikologo eta sexologoak dira eta gazteek gustura hartzen dute. Hormonak saltoka dauzkate, eta gaiak interesgarri egiten zaizkie. Gure ikuspuntutik beharrezkoa da horrelako saioak jasotzea.

Funtzionamendu berriarekin zer erantzun izan dute nerabeek?

Nahi dutenaz kexatuko dira, baina gazte gehiago datoz orain. Funtzionamendu berriarekin aldaketa fisiko bat egin dugu eta hoberako dela uste dugu. Lehen, sofak soilik zeuden, eta helburua parte hartzea sustatzea izanda, sofan etzanda zeuden bitartean jendea aktibatzea zaila zen. Sofa batzuk mantendu egin ditugu, baina mahaiak eta aulkiak ere jarri ditugu. Ohartzerako, sofan etzanda egotetik aulkietan eserita egotera pasa dira asko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!