Luze eta zabal hitz egin digute antzerkiaz: lehen urteez, zaletasunaz, naturaltasunaz, erokeriaz, herrian egiten dutenaz, ... eta nola ez, lehiaketan parte hartzeko erabakia hartu, eta ostean lortu duten garaipenaz aritu dira hizketan.
Lehiaketa irabazi berri duzue, baina nondik datorkizue antzerkirako zaletasuna?
Irati Saizar.Berastegiko antzerki taldea sortu zen, eta pixkana joan gara bertan parte hartzen. Besteek nola antzezten zuten ikusten hasi nintzen, eta nik uste dut inbidia horrek eraginda sortu zaidala zaletasuna. Ez zen nire txikitako ametsa. Herri giroan sortutako inbidiaren eraginez hasi nintzen.
Mireia Garaiburu.Egia esan beti izan gara txoro samarrak. Izateko erak ere badu zeresana, eta gure antzerkia egiteko modua nahiko txoroa da: inprobisatze asko du. Jende askok esaten digu naturalki ateratzen zaigula, horrelakoak garela.
Xabi Barriola.Nire anaia ibiltzen zen, baina utzi egin zuen eta beste askok ere bai. Jende beharrean zeuden, eta ni beti erakarri izan nau jendeari barre eginarazteak. Saiatzea pentsatu nuen, eta horrela gaur arte.
Noiz elkartzen dira zuen bizitzak antzerkian?
M. G. Urte asko dira hirurok elkarrekin antzerkia egin dugula. Irati sartu zen azkena taldean, baina badira sei bat urte. Hortik lau bat urtean elkarrekin aritu gara, beste norbait tarteko dela. Gero Xabik utzi egin zuen pare bat urtetan, eta Irati eta nik jarraitu dugu.
I. S.Hori herriko festetara begira izaten da.
Herriko jaietan urteroko hitzordua izaten duzue, beraz?
I. S.Festetako azken egunean, musikaren aurretik izaten den azken ekitaldia da. Ekitaldirik politena dela eta onena izaten dela esaten digute, eta herritarrengandik hori entzutea guretzat ederra da.
Erraz elkartzen zarete?
M. G. Hor izaten ditugu lanak. Egia esanda, antzezlan honetarako, hiru-lau entsegu egin ditugu. 19:00etan Xabiren garajean elkartuta.
Egun gutxi pasa dira zuen zaletasunak sari bat eman dizuenetik. Nolatan eman zenuten izena La Farandula Mikro Antzerki Lehiaketan?
X. B.Nik taberna hori facebook bidez jarraitzen dut, eta bertan ikusi nuen lehiaketa bat antolatu zutela. Lehendabizi datak begiratu nituen ea lanarekin aurkeztu ahal izango nukeen jakiteko. Gaztetxean gaztaina bazkaria genuela Mireia eta Iratiri proposatu nien. Beraiek ere libre antzera zeudela, eta moldatzeko moduan zirela esan zidaten. Sei egun falta ziren gidoia aurkezteko. Arratsalde batean elkartu, eta gure ideiak elkarbanatzen hasi ginen. Gidoia bi egunetan egin genuen.
Zer zen aurkeztu beharrekoa?
M. G. Aurkeztutako talde guztiek gidoi bat aurkeztu behar zuten, hamabost minutukoa. Hiruron artean moldatzeko moduan idazten ditugu, eta ondo moldatzen gara; baina gure gidoiak gidoi moduan balioko ote zuen zalantza genuen. Guk hitz egiten dugun moduan idazten dugu Berastegirako, guretzat euskara batuan galdu egiten baitu. Gureari eutsi genion, eta egiten dakigun moduan egin genuen; hitz egiten dugun moduan idatzi genuen.
X. B.Ostiralez entregatu genuen, eta igandean bertan iragarri zituzten zortzi finalistak zeintzuk ziren. Gurea hor zegoen.
Gidoia idatzi behar izan duzue. Lan erraza da gidoia idaztearena?
M. G.Guk egiten duguna bai.
I. S.Ideiak ez dira falta izaten, agian zailena ideia orokorra da. Hau da, zeren inguruan osatuko dugun gidoia. Kasu honetan, spinning-eko klase bat izan da. Hori etortzea izaten da zailena. Eta nik ez, baina bi hauek erraztasuna dute tarteetarako barrea eragiteko ideiekin. Esaldiak erraz ateratzen zaizkie.
X. B.Izaten dira ideiarik ateratzen ez zaigun arratsaldeak, eta hurrengo egunerako uzten dugu.
Gidoia aurkeztu, eta finalera.
X. B.Bai, eta gurea zen euskarazko bakarra. Alde horretatik poza ematen digu. Taberna horretan antzezlan dezente ikusi ditut, eta asko gustatzen zait, baina euskarak ez du presentziarik. Saiatu dira, baina jendeak toki horretan behintzat ez dauka ohiturarik euskarazkoak ikusteko. Gurea euskaraz da, eta herrikoia da, baina aurkeztea erabaki genuen. Guk duda egin genuen benetan gidoia ona zelako edota euskarazko bakarra ginelako sailkatu ote ginen. Ikusi da bai euskaraz delako, baina baita jendaurrean ere oso erantzun ona izan duelako izan dela gure lana saritua.
Sailkatzeaz gain, irabazi egin duzue.
I. S.Zortzi talde iritsi ginen finaleko egun horietara, eta bakoitzak lau aldiz antzeztu behar izan genuen.
Espero zenuten sailkatzea?
I. S.Ez.
M. G. Ez. Finalera iristeko aukera ikusten genuen, gurea euskaraz zelako. Donostia batean jendeak ez badu euskaraz aurkezten, aukeratuko gintuztela pentsatzen genuen. Denak gaztelaniazkoak aukeratu izan balituzte haserretu egingo ginateke.
X. B.Hain txarra ez zen gidoia. Saria potoloa zen, eta bagenekien maila altua izango zela. Beldur pixka bat bagenuen, baina ez genuen galtzeko ezer.
I. S.Hartu gintuztenean hori zen gure kezka nagusia: Zergatik aukeratu gaituzte, euskarazko bakarrak izan garelako? Baina ikusi da ezetz.
Ondo pasatzea zen helburua?
M. G.Bai, eta esperientzia berri bat izatea. Guk ez dugu inoiz horrelako lehiaketa batean parte hartu. Publiko kopuru txiki bat eta hain gertu ez dugu inoiz izan.
X. B.Oso garrantzitsua izan zen gure herriko jendea, lagunak eta familiakoak gu ikustera joatea. Donostiako areto txiki batean geunden, baina Berastegin egongo bagina bezala sentitu ginen, beraz eskerrik asko berastegiar guztiei.
Nolako esperientzia izan zen finalekoa?
I. S.Finala egun batean izan, eta bertan epaimahaia sartu zen. Ez genuen ezer galtzeko, baina aldi berean barruan bagenuen zerbait esaten ziguna zerbait jokoan zegoela. Saria mila eurokoa zen, eta lehena eginda txoratzen atera ginen, gustura. Jendeak barre asko egin zuen, eta gu ere oso ondo sentitu ginen.
M. G.Herritar pila bat joan ziren, eta bagenekien lau saioetan herritar mordoa izango genuela. Eta bukatu, oso gustura bukatu genuen.
Eta saria jasotzea?
I. S.Abenduaren 30ean izan zen, eta goizean bertan jakin genuen irabazi genuela.
Dirua eta diplomaz gain, badu beste saririk.
I. S.Bai, hilaren 3 eta 4an antzeztu behar izan genuen, eta hilaren 31n, eta otsailaren 1 eta 2an La Farandulan bertan izango gara antzezpenak egiten iluntzero, eta gauero sei aldiz egingo dugu.
X. B.20:00etan hasi eta 23:30ak bitartean sei saioetakoren bat ikusteko aukera izango da.