"Epe motzera begiratuz eta pazientziarekin egin diot aurre lesioei"

Imanol Garcia Landa 2019ko abe. 11a, 19:59

Denbora luzez lesionatuta egon ondoren, ilusioz itzuli da futbol zelaira futbolari berastegiarra. Maila berrian hasi du berriro ibilbidea, eta saltoa nabaritzen dela azaldu du.

Bi urte eta erdi egon da lesionatuta Oihana Ugartemendia (Berastegi, 1997) Tolosa CF-ko futbol jokalaria. Pixkana ari da partidetan parte hartzen, eta azken bi norgehiagoketan zenbait minutu jokatu ditu.

Nolakoa izan da berriro partida ofizial batean jokatzea?

Berezia, hainbeste denbora eta gero. Orandik lan handia geratzen da, eta aurrera begira gehiegi hunkitu gabe, baina berezia izan da. Minutu gutxi batzuk jokatu ditut azken bi partidetako bukaeretan, eta ikusiko da nola joango den dena. Momentuz ilusioz, eta ea pixkana minutuak pilatzen joaten garen eta batez ere hanka erantzuten doan.

Nola eramaten da bi urte eta erdi lesionatuta egotea?

Azkenean, denbora pasatzen doan heinean, pazientziarekin eta asko pentsatu gabe zer etorri daitekeen. Gero, atzera begiratuta, ikusten duzu zenbat denbora pasa den eta zenbateko indarra eta pazientzia behar den. Zaila da, baina gauza okerragoak ere badaude.

Fisikoki zein psikologikoki izango da gogorra. Zein da bietan zailena eramaten?

Nik uste dut psikologikoki zailagoa dela. Futbola disfrutatzeko erabiltzen dugu, egunerokotasunetik deskonektatzeko, eta hori kentzerakoan beste gauza batzuetan eragiten dizu, baina psikologikoki gehiago kostatu da.

Eta nola egin diozu aurre?

Pixka bat epe motzera begiratuz. Epe luzera begiratzen badiozu, gehiago zailtzen da. Eta pazientziarekin, zurea eta ingurukoena.

Lesio bakarra edo bat baino gehiago izan dituzu?

Lesio batetik atera eta beste batean sartu nintzen. Hasieran belauneko minarekin hasi nintzen, eta urtebete pasa zen diagnostiko bat zehazteko. Gero, hortik berreskuratzen ari nintzela, beste hankan beste arazo bat izan nuen, eta egia esan kostatzen ari da egoerari buelta ematea.

Taldean beste bi jokalari daude lesio larri bat izan dutena, Maddi Garikano eta June Osinaga.

Denbora luzerako lesioa dute, eta horrelakoetan, esandakoa, fisikoki zein psikologikoki lan asko egin behar izaten da. Baina seguru nago hortik aterako direla, eta berandu baino lehen gurekin izango ditugula.

Aholkuren bat eman diezu?

Aholkua baino gehiago, horrelakoetan pasa egin behar izaten da. Ezagutzen ditut, eta biak burugogorrak dira. Maddi gurekin dago prestatzaile fisiko bezala, eta asko laguntzen digu. June ere badakigu oso borrokalaria dela, eta seguru nago segituan bueltan izango ditugula.

Lesionatuta zeunden bitartean, taldea mailaz igo zen aurreko denboraldian. Nola bizitu zenuen?

Zelaitik kanpo bizitu nuen, poz handiz. Aurreko bi denboraldietan goian egon da taldea, partidak irabaziz eta irabaziz, oso giro onean, eta beraiengatik oso pozik eta hunkituta. Balio duena da hor barruan egotea laguntzen; ezin izan dut, baina horrek ez du kentzen ze lortu den, zenbat baloratu behar den eta ze poza ematen duen horrelako maila batean jokatzeko aukera edukitzea.

Itzuli zarenean, beraz, 1. Maila Nazionalean jokatzea egokitu zaizu. Nola ikusi duzu zure burua maila berri horretan?

Nabaritzen da saltoa, zentzu guztietan. Kalitate handiko jendea dago, fisikoki ere beste salto bat dago, eta dagoeneko zaila bada hainbeste denbora geldirik egon ondoren, oraindik eta pazientzia gehiagorekin eta batez ere lasai hartu behar dira gauzak. Entrenatzen egotea bakarrik poz handia da, eta gero taldeari zelaian laguntzerik baldin badago, ahal dudan ondoen egingo dut eta seinalea izango da gauzak ondo ateratzen ari direla.

Eta dagoeneko guztiz osatuta zaudela sentitu zara?

Min aldetik ondo sentitu naiz. Hori bai, beldur pixka batekin eta prekauzioak hartuz. Momentuz min eta molestia aldetik nahiko ondo, hori da garrantzitsuena eta ea horrela eusten diogun.

Taldea bera nola ikusten ari zara?

Golak sartzea pixka bat kostatzen ari zaigu, eta huts egiteak oso garesti ordaintzen dira. Jaitsiera markatzen ari gara egun, baina azkeneko bi partidetan taldeak puntu garrantzitsuak lortu ditu. Aste honetan bukatzen dugu lehen itzulia, partida garrantzitsua dugu, eta ea hiru puntuak lortzen ditugun eta atsedenaldira pixka bat lasai joaten garen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!