Azaroaren 18an amaituko da gaztain bazkarira apuntatzeko epea

Ataria 2019ko azaroaren 14a

Azaroaren 23an gaztain bazkaria egingo dute Berastegiko Urepele Elkartean. Apuntatu nahi duenak hurrengo astelehena baino lehen egin beharko du.

Urteak daramatza gaztain bazkaria antolatzen Berastegiko Urepele Elkarteko kultur taldeak. Aurten ere ez dute hutsik egin, eta azaroaren 23rako egun osoko festa ziurtatu dute. Aurrez ordea, izena eman beharko da, eta apuntatzeko azken eguna azaroaren 18a, astelehena izango da. Urepele Elkartean, udaletxean edota Ategi ostatuan apuntatu daiteke, 20 euroren truke. Menu zeliakoa eskatzeko aukera egongo da, eta haurrek etxetik eraman ahalko dute bazkaria. Antolatzaileek herritar guztiak animatu nahi izan dituzte festan parte hartzera.

Eguerdian trikiti doinu eta bertso artean hasiko dute eguna. 12:30ean egin dute hitzordua Julio Soto eta Iñigo Gorostarzu Etxorde bertsolariekin, herrian zehar poteoa egiteko. Sara eta Teresa Kaminos ahizpek alaituko dute ibilbidea. Bazkaltzera Urepele Elkartera joango dira, eta postrerako gaztainak aurreikusi dituzte. Bazkalostean bertso saioa eskainiko dute mahaiaren bueltan Sotok eta Etxordek, eta afalordurako luncha izango dute elkartean bertan. Hortik aurrera, luze joko du gauak.  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!