Herri izaera biltzen duen marka bat sortu dute Berastegin

Irati Saizar Artola 2019ko aza. 14a, 15:59

Komunikazio estrategia bat martxan jarri dute Berastegin eta herri marka bat sortu dute; herritarrak markarekin identifikatuta sentitzea da prozesuaren lehen helburua.

Herri baten izaera zein den eta zer izan nahi duen ezagutarazteko herri marka bat sortu berri dute Berastegin. Herritarrekin parte hartze bidez landu dute prozesua, komunikazioan aditua den talde batekin batera, eta pasa den astean aurkeztu zuten herritarren aurrean marka berria: Berastegi, herri kuttuna izenarekin.

Zer da herri bat? galderari tiraka etorkizunera begirako komunikazio estrategia bat abiatu dute, eta marka aurkeztearekin batera lehen fasea amaitutzat eman dute.

Markaren bidez, herritarren esentzia, historia, jarduna, asmoak eta helburuak bateratu nahi dira. Eta bateratze horretatik marka bat irudikatu du Julen Larruskain komunikazio lanetan adituak eta hark osatu duen lan taldeak. Larruskainek aurkezpenean esan zuenez, «marka bat, logotipo bat baino askoz gehiago da». Markaren bidez, «herritarrak herriaren identitatearekin konektatzen saiatzea» da asmoa. «Marka horrek nor garen kontatzeko balio behar du, bai herrian bertan, baita herritik kanpora begira ere».

Markaren lehen helburua, Berastegiko herritar guztiek marka hori bere egitea da, herri marka horrekin identifikatuta sentitzea. Proiektua luzea da, ordea, eta prozesuak jarraitu egingo du.

Hurrengo pausoa eta helburua, herritarrei zabaltzea izango da, eragile eta elkarteei aurkezpena egitea, baita enbaxadore lana egin dezaketen norbanako edota negozioak dituztenei ere, pixkanaka guztiek ezagutu eta bere egiteko logoa eta irudia.

Prozesu hori udalak eraman du aurrera, baina ez da udalarekin zerikusia duen erabilerarako izango; herrian antolatzen diren edozein ekitaldi edo deialdietako oharretan ere erabiltzea da helburua.

MARKAREN SORRERA

Marka diseinatzerako garaian, komunikazio adituek herritarrei galdetu zieten ea Berastegi zer balore eta ezaugarrirekin lotzen zuten. Hortik ateratako ideiei jarraika egin dute lan. Besteak beste, herri bizia, langilea, antolakuntzarako eta laguntzarako prestutasuna duena, lana eta kirola uztartzen dituena, atsegina eta baliabide natural askokoa dela deskribatu zuten. Horrekin batera, koloreen lanketa bat ere egin zuten.

Hortik, komunikazio adituek hiru ardatz nagusi azpimarratu zituzten: ondarea, komunitatea eta bizitasuna. Oinarri horien gainean eraiki dute marka.

Forma bat emateko, Berastegik erdi-erdian duen zelaia hartu dute oinarri. Mapari begira, zelai horretako belaze eta soro ezberdinen banaketa hartu dute aintzakotzat eta erreka bat irudikatzen duen lerro urdin batek zeharkatzen du irudia. Berastegi, herri kuttuna leloarekin osatu dute marka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!