"Nahiz eta orain isurketak geratu, atzeraka jarraituko dute glaziarrek"

Irati Saizar Artola 2019ko urr. 31a, 11:58

Berastegiko kultur astearen barruan, hitzaldia eskainiko du Ibai Ricok klima aldaketaren eta glaziarren atzeraldiaren inguruan, gaur, 19:00etan, erabilera anitzeko gelan.

Klima aldaketa eta glaziarren atzeraldiaren inguruan hitzaldia eskainiko du Ibai Rico geografo eta glaziologo gasteiztarrak, gaur 19:00etan, Berastegin. Era berean, Patagonia incognita dokumentala proiektatuko du hitzaldiaren ostean. Izan ere, 2016an, Patagonian izan zen espedizio zientifiko bat egiten eta 20 minutuko film batean gorde dute emaitza.

Zer da zehazki hitzaldian kontatuko duzuna?

Glaziarrak zer diren eta nola funtzionatzen duten ikusiko dugu. Bestalde, klima aldaketarekin duten lotura aztertzea da asmoa. Adibide ezberdinen bidez, Pirinioetan, Alaskan eta Patagonian dauden glaziarrak ikusiko ditugu, eta glaziarren atzeraldi horiek dituzten efektu eta inpaktuak zeintzuk diren aztertuko dugu.

Zein egoeretan dago, gaur egun, klima aldaketa?

Ni saiatzen naiz klimaren aldagarritasun naturala ere azaltzen, baina, klima aldaketa artifiziala ari gara ikusten azken hamarkadetan. Orokorrean, eta zoritxarrez, ebidentzia oso nabarmenak ari gara ikusten eta egoera oso azkar ari da aldatzen.

Aldaketa artifiziala diozunean, zeri buruz ari zara?

Giza jarduerekin lotuta dagoen klima aldaketa da. Gasen isurketen ondorioz negutegi efektua areagotzen ari da eta aldaketa nagusiena tenperaturen igoera da. Azken finean, klimaren sisteman gu ari gara aldaketa eragiten eta horrek inpaktu ezberdinak ditu, adibidez, glaziarretan.

Aldaketaren errudun nagusiena gizakia da?

1950 ingurutik natur baliabideen ustiaketa areagotu egin dugu. Geroz eta argiago geratzen ari da aldaketa hauek gurekin lotuta daudela.

Zer ondorio ekar ditzake?

Atmosferaren beroketa globala da, eta inpaktuak ere globalak dira, baina baita lokalak ere. Lau ondorio garrantzitsu aipa daitezke. Horietako bat, baliabide hidrikoetan emango diren aldaketak izan daitezke. Leku askotan, glaziarrak urtzean askatzen duten ura oso garrantzitsua dute, adibidez, Alpeetako edo Himalayako inguruetako komunitateetan, sasoi lehorrean, nekazaritza eta abeltzantzarako. Momentu batean, glaziarra desagertzen bada, baliabide gabe geratuko dira komunitate horiek.

Beste inpaktua itsasoaren mailaren igoera da. Orain gutxi atera dituzte aurreikuspen berriak eta eszenatoki ezberdinetan, baina ikus daiteke itsasoaren maila 50 zentimetrotatik metro batera arte igo daitekeela.

Zein dira beste bi inpaktuak?

Beste inpaktu bat arriskua izan daiteke: glaziarrak atzeratzean urezko laku batzuk sortzen dira, arrisku potentzialak eragiten dituzte, sekulako uholdeak sorraraz ditzaketelako. Eta azkena, ondorio sozioekonomikoa izan daiteke. Alde batetik, turismoari begira, paisaia bat erakargarria izan daiteke glaziarrak dituelako, eta hauek desagertzen badira, turismoari eragingo dio. Eta bestalde, elur kota geroz eta gorago doa, gehienbat tenperatura igotzen ari delako, beraz, eski estazioei eragingo die.

Abiadura horretan, nola ikusten duzu egoera aurrera begira?

Herrialde bakoitzaren adaptazio mailaren arabera baldintzatuko da. Garrantzitsua da neurketak egitea, etorkizuneko modeloak ezagutzeko. Baina aldaketa ematen ari da, eta glaziarren erantzunak jarraitu egingo du. Oraintxe bertan, nahiz eta gure isurketak geratu, glaziarrek atzera egiten jarraituko dute.

Zer egin daiteke klima aldaketaren alde?

Garraio jasangarriaren eredu bat sustatu beharko litzateke, adibidez. Kontsumoan ere badugu egitekorik. Erosten ditugun produktuek izugarrizko karbono aztarna dute jatorriaren arabera, beraz, gertuko produktuak erosiz asko murriztu daiteke isurketa. Energetikoki daukagun eredua ere aldatu egin beharko dugu, poliki-poliki. Apustu bat egin beharko genuke, bai gizarte moduan, bai indibidualki, hori aldatzeko; nahiz eta daukagun hazkunde paradigmarekin ez den erraza guztia horretara egokitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!