Gaur emango zaio hasiera XXII. Argazki Rallyari, Berastegin

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 10a, 11:56

Gaurtik datorren astelehenera bitarte egingo dute, Berastegin, XXII. Argazki Rally Herrikoia. Aurten, estreinakoz, modalitate analogikoa kendu egin dute eta digitalean soilik izango da parte hartzeko aukera.

Gaur ekingo diote, beraz, argazkilaritza gustuko duten horiek lehiaketari. 20:00etan elkartuko dira, udal bulegoetan, eta momentuan eman beharko da izena. Argazkiak gai baten bueltakoak izan beharko dute, eta gai horren berri gaur bertan emango dute izena ematearekin batera.

Udalak antolatzen duen egitasmo honetan parte hartzeko hainbat baldintza jartzen dituzte: argazkiak Berastegiko mugen barruan atera beharko dira eta ezin izango dira manipulatu photoshop, picassa edo bestelako aplikazioen bidez.

Argazkiak entregatzeko epea urriaren 14a izango da. Hiru argazki aukeratu beharko dira, eta USB memoria batean eraman beharko dira udaletxera, astelehenean, 20:00etan.

Aukeratutako argazki guztien artean epaimahaiak hiru argazki onenak aukeratuko ditu eta saria izango dute. Sari horiek azaroaren 3an, azoka egunean, ezagutaraziko dira. Bestalde, argazki guztiak udalaren webgunean jarriko dituzte ikusgai eta Kultur Asteak irauten duen bitartean, aparkaleku azpiko lokalean izango dira ikusgai.

Hogeita bigarren edizio honetan, modalitate analogikoarekin amaitzea erabaki dute. Amaia Azkue Berastegiko alkateak azaldu duenez, «geroz eta jende gutxiago apuntatzen zen analogikoan, eta apuntatzen zen hori digitalean ere apuntatzen zenez, kentzea erabaki dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!