Hilabete batzuk pasa dira kargua bigarrenez hartu zenuenetik. Zer balorazio egiten duzu?
Oraindik hilabete gutxi dira, baina egia esan, hasierako balorazio ona egiten dut. EH Bilduko sei zinegotzitatik lau berriak dira, aurten sartu dira udal funtzionamenduan. Egia esan, ordea, segituan hartu dute martxa.
Zer moduz joan dira aurreko lau urteak?
Esperientzia positiboa izan da. Aurreko lau urteetan udal funtzionamendua pixka bat ezagutzen nuen, beraz, ez da hasieratik hastea bezala, baina alkate izateak badauzka bere lanak. Aurreko agintaldian EAJ izan zenuten oposizioan, eta oraingoan Beasti Biziko hiru zinegotzi dituzue.
Zer moduzko harremana duzue?
Desberdintasun handi bat ikusi dugu, eta oraingo kasuan, aldekoa izan da, izan ere, aurrekoak ez ziren Berastegin bizi, eta egunerokotasuna asko zailtzen zuen. Orain, ordea, herritarrak dira. Aldi berean, guk gure funtzionamendua dugu, gobernatzen ari gara, eta bakoitzak bere bidea eta bere lan egiteko modua aurkitu behar du. Gero, bateratze bat egon behar da eta horretan ari gara.
Herritarren parte hartzearekin jarraitu nahi duzue?
Guk udalgintza horrela sinesten dugu, herritarrekin batera egindako gobernantza batean. Egunerokoan zaila da, guztia ezin duzu galdetu, baina proiektu garrantzitsuetan parte hartzen dute herritarrek. Eta gu, kalean gaude eta gertutasuna transmititzen dugu herritarrek beraien iritzia eman ahal izateko.
Zeintzuk dira datozen lau urteetarako proiektu nagusiak?
Batez ere lau proiektu estrategiko ditugu. Alde batetik, gardentasuna eta parte hartzea; parte hartzeko bide berriak egokituko ditugu, besteak beste aplikazio ezberdinak. Bestetik, baso eskola bat martxan jartzeko prozesu baten hasieran gaude. Proiektu hau eragile ezberdinekin landutako proiektu bat izango da, espazio fisiko bat, non, bertan, ekintza ezberdinak aurrera eraman daitezen.
Zein dira besteak?
Lehen sektorea bere orokortasunean hartu nahiko genuke eta horren barruan basogintza, elikadura eta larre komunalen ildoak landu nahi ditugu. Basogintzan, baso plana berritu nahiko genuke eta herriarenak diren lurretan jardun batzuk bideratu. Larre komunalei dagokionez, berriz, martxan da dagoeneko, eta horrekin jarraitu nahi dugu. Elikadurari begira, bertako produktuak sustatu nahi ditugu, eta Tolomendik martxan dituen Jan Tolosaldea bezalako egitasmoekin bat egin nahi dugu. Azkenik, turismoari begira ere jarri gara. Ibilbide batzuk markatu nahi ditugu, eta horrekin batera, aparkaleku bat egokitu nahiko genuke autokarabanentzat.