Mendira irteera, hitzaldia eta entzumen testa, Berastegin

Irati Saizar Artola 2019ko irailaren 13a

Zelatungo erromeriaren aitzakian, Hernio mendira irteera antolatu dute igande goizerako berastegiarrek.

Hernio puntatik buelta egin eta Zelatungo erromerian dantza saio bat egiteko hilabetea da iraila. Azken urteetan ohitura hori hartu dute berastegiarrek, eta igande hau aprobetxatuko dute horretarako. 07:45ean herriko plazan elkartuko dira, eta Tolosatik nahiz Iturrioztik igotzeko aukera izango da. Behin tontorretik buelta eginda, mokadu bat jaten geratuko dira Zelatunen, eta erromerian dantza egiteko tartea ere hartuko dute.

Mendiko irteeraz gain, Xabier Mendiaraz kiropraktikoak 'Bizkar hezurrean bilatu gaixotasunaren kausa' hitzaldia eskainiko du, asteartean, 18:00etan, Berastegiko udaletxeko erabilera anitzeko gelan. Sarrera doakoa izango da.

Hurrengo egunean, asteazkenean, entzumenaren aurre hartze kanpaina egingo dute goizean zehar, Gaztainondo jubilatuen elkartean. Entzumena galtzearekin erlazionatutako zailtasunak eta sintomak dituen edonork har dezake parte, 10:30etik 15:00etara. Entzumen test horiek, Audiotechno entzumen zentroak egingo ditu, eta erabat doan izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!