Berastegiko jaiak 2019

Lotsak ez du lekurik salontzotan

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abuztuaren 9a

Kuadrilla eguna ospatzen ari dira, gaur, Berastegin, eta bazkalondoan ginkana gainditu behar izan dute lagun talde guztiek, parrandarekin jarraitu ahal izateko.

Berastegiarrek badaramatzate, honezkero, lau egun jai giroan, hilaren 7an suziria piztu zutenez geroztik, baina, aje gorputzaldiarekin egonagatik, gaur egun handia izaten ari da herrian, Salontzo egunaren bezperan: kuadrilla eguna.

Goizean hasi da koloreen festa, kuadrillek patata tortilla txapelketa izan baitute plazan, eta asko itzaletan nola mantendu pentsatzen aritu dira, tortilla prestatzen baino gehiago. Eguerdi aldera toka eta txakolina izan dituzte, eta orduan hasi da Jainekin txaranga tolosarra ere, jai giroari jai doinuak jarriz.

Eta, behin bazkaltzeko eskola atarian eserita, berastegiarrak ez dira handik mugitu ordu luzez, jolasak amaitu bitarte. Beste urtebetez, ginkana originalak lagunduta, belaunaldi trukearen eta algaren lekuko izan da kuadrilla eguna.

Berastegiko salontzoak ospatzen jarraitzeko, igandera bitarte hitzordu zerrenda dute, oraindik, aurretik. Ikusi hemen egitaraua.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!