Berastegiko jaiak 2019

Kirola, kultura eta parranda

Irati Urdalleta 2019ko abu. 6a, 11:00

Abuztuaren 7an lehertuko da suziria Berastegin eta aurretik izango dituzte ekimenez betetako bost egun. Pentatloia, bingoa eta emakumeen pilota partidak izango dira berrikuntza nagusiak.

Abuztuaren 7an ekingo diete Salontzo festei berastegiarrek, frontenis txapelketako finalekin. Ordu eta erdi beranduago, 12:00etan, lehertuko da festa txupinarekin batera, eta areto futboleko neska alebinek eta mutil infantilek izango dute aukera pregoia botatzeko. Festa batzordeko Garazi Otxandorenak azaldu duenez, infantilak txapeldun izan dira Euskadiko areto futboleko txapelketan eta alebinak Gipuzkoakoan. «Behin garaipen hori lortuta, sari moduan, pregoia botatzeko aukera beraientzat izango da», dio.

Otxandorenaren arabera, adin guztietarako ekintzak antolatzen saiatzen dira, eta herritarrek herritarrentzat nahiz kanpotik hurbiltzen direnentzat antolatzen dituzte. Lan guzti horren ondorioa da bost eguneko programa bete-betea. Txupinazoaren ondoren, pilota eta pala partidak nahiz herri kirolak eta pentatloia egongo dira. Hori izango da aurtengo berrikuntzetako bat. Horrela, harriari tiraka, harri-jasotzen, aizkoran, korrika eta txingetan arituko dira berastegiarrak. Indarrak berreskuratzeko, herriko batukadarekin perku poteoa eta herri afaria egingo dituzte. Ondoren, Salontzotako kartel lehiaketako eta leiho, balkoi eta lorategi lehiaketako sariak banatuko dituzte eta gaua DJ Modestok alaituko du.

Hurrengo eguna umeei zuzendutakoa izango da. Goizez nahiz arratsaldez puzgarriak eta jolasak izango dituzte, eskola atarian eta apar festa ere bertan egingo dute 17:00etan. Gainera, Walkman ikuskizuna eskainik dute Ganso&Cia clown taldekoek eta Fan&GOren erromeriaren tartean, zahagi ardoa eta Alurr dantza taldearen emanaldia egongo dira aukeran.

Ostirala, berriz, kuadrillan gozatzekoa izango da. «Gazte eta ez hain gazteentzat dago aukera», dio Otxandorenak. Goizean goizetik, patata tortilla lehiaketa egongo da baita haurrentzako toka eta bizikletarekin zinta-jokoa ere. Bukatutakoan, tortillak dastatuko dituzte, txakolinarekin lagunduta. Eguneko ekitaldi garrantzitsuenetakoak eguerdi aldera izango dira: kuadrillen bazkaria eta jolasak. Arratsaldea ere parrandan igarotzeko aukera egongo da sagardo dastaketarekin nahiz zahagi ardoarekin. Orduan etorriko da aurtengo berrikuntzetako baten txanda: bingoa. «Gazte festetan egin genuen, eta arrakasta eduki zuenez, festetan ere egitea erabaki dugu», dio festa batzordeko kideak.

Eta abuztuaren 10ean iritsiko da egun handia. Salontzo egunez, mountain bike igoera egingo dute eta 12:30ean pilota partidak jokatuko dituzte lau eta erdian edo binaka. Hor egongo da aurtengo beste nobedade bat. Izan ere, orain arte gizonak soilik ikusi zitezkeen kantxan, baina aurten emakumeak ere bertan izango dira. Arratsaldean, herri kirolak egingo dituzte baita tradizio handia duten San Juan dantzak eta helduen dantza soka ere. Behin dantzak amaituta, zahagi ardoa egongo da plazan eta bertso saioa ere leku berean izango da. Hala nahi duenarentzat, parrandarako aukera ere egongo da Laket taldearen kontzertuarekin.

Azken eguna izanda ere, igandean festan jarraituko dute Berastegin. Goizero egin ohi den goiz deiaren ondoren, herriko aurrebenjaminak, benjaminak, alebinak eta infantilak pilotan ariko dira. Arratsaldean ere haurren txanda izango da, dantza, txistu eta trikiti emanaldiarekin. 19:30ean, Epa! ikuskizuna eskainiko dute eta ondoren, zahagi ardoa izango da. 22:30ean Dantzerki emanaldia egingo dute herritarrek, dantza eta antzerkia uztartuz. Festei amaiera, berriz, Gozategik emango die. «Apustu horrekin ea azken egunean ere parranda egiten den», dio Otxandorenak.

EGITARAUA

ABUZTUAK 7, ASTEAZKENA
10:30. Haurren frontenis-txapelketako finalak.
12:00. Suziria, buruhandi eta txistularien laguntzaz. Pregoilariak areto futboleko neska alebinak eta mutil infantilak izango dira.
12:30. Binakako pilota eta pala txapelketako finalak.
17:30. Herritarren arteko herri kirolak eta pentatloia, eskola atarian.
Ondoren. Perku-poteoa, herriko batukada taldearen eskutik.
21.30. Herri afaria.
Ondoren. Salontzotako kartel lehiaketako eta leiho, balkoi eta lorategi lehiaketako sari banaketak.
00:00. DJ Modesto

ABUZTUAK 8, OSTEGUNA
Umeen eguna
10:00. Goiz deia.
10:00-13:00. Puzgarriak eta jolasak, eskola atarian.
15:00-18:00. Puzgarriak eta jolasak.
17:00. Apar festa, eskola atarian.
18:30. Walkman ikuskizuna, Ganso&Cia clown taldearen eskutik, plazan.
19:30. Fan&GO erromeri taldea.
Ondoren. Zahagi ardoa, plazan.
22:30. Alurr dantza taldearen emanaldia.
00:00. Fan&GO erromeri taldea.

ABUZTUAK 9,OSTIRALA
Kuadrillen eguna
10:00. Goiz deia.
11:00. Patata tortilla txapelketa herrikoia, plazan.
Bitartean. Toka txapelketa (2006tik aurrera jaiotakoentzat) eta zinta-jokoa bizikletarekin.
Segidan. Tortilla dastaketa, txakolinaz lagunduta.
Egunean zehar. Jainekin txaranga.
14:00. Kuadrillen bazkaria, eskola atarian.
17:30. Kuadrillen arteko jokoak.
Ondoren. Sagardo dastaketa, txorizo egosiarekin eta gaztarekin.
Tartean. Joxe Mari Barriola urdaiazpiko moztailea eta toka txapelketa herrikoia (2005etik atzera jaiotakoentzat).
Ondoren. Zahagi ardoa eta bingoa, plazan.

ABUZTUAK 10, LARUNBATA
Salontzo eguna
09:00. Goiz deia.
09:30. Meza, San Lorentzo baselizan.
09:45. Mountain bike igoera herrikoia.
11:15. Alkate soinua udaletxetik elizara.
11:30. Meza nagusia, San Martin parrokian eta Lagunak abesbatzak Perosiren obra kantatuko du.
12:30. Pilota partidak. Lau  eta erdian: Julen Garaiburu/Iker Zalakain. Binaka:
Espinar-Arrillaga/Agirre-Etxaniz.
18:00. Herri kirolak plazan, Baztan-Bidasoako Gure Kiroletako Klubaren eskutik.
Ondoren. San Juan dantzak eta helduen dantza soka.
Segidan. Zahagi ardoa, plazan.
22:30. Bertsolariak plazan: Iñigo Gorostarzu, Alaia Martin, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Haritz Mujika. Gai jartzailea: Amaia Agirre.
00:00. Laket erromeri taldea.

ABUZTUAK 11, IGANDEA
10:00. Goiz deia.
11:30. Herriko aurrebenjaminen, benjaminen, alebinen eta kadeteen pilota partidak.
18:00. Haurren dantza, txistu eta trikiti emanaldia eta dantza soka.
19:30. Epa!  ikuskizuna, Demode quartet laukotearen eskutik, plazan.
20:30. Zahagi ardoa, aparkaleku azpiko lokalean.
22:30. Dantzerki emanaldia, herrikoen eskutik.
Ondoren. Gozategi taldea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!