Euskal Jai eguna ospatzen ari dira Berastegin

Ataria 2019ko maiatzaren 25a

Euskal Jaiari hasiera emateko, V. pintxo lehiaketa egin dute eta Aritz Mujika, Mikel Beloki, Eneko Labaien eta Axier Matxinea izan dira irabazleak.

Urtez urte arrakastatsuagoa izaten ari da Berastegiko Euskal Jai eguna. Egun osoko egitaraua antolatu ohi du Urepele Elkarteko kultur taldeak; aurten, haur nahiz heldu, 120 lagun inguru elkartu dira eguerdian egin duten bazkarira.

Egunari hasiera V. pintxo lehiaketarekin eman diote. Zazpi talde aurkeztu dira eta bina pintxo aurkeztea zen helburua. Ondoren, pintxo gehiago egin dituzte bertaratu direnek dasta ditzaten. Juan Luis Zubiria eta Maria Jesus Labaien herritarrak aritu dira epaimahai lanak egiten, eta haien ustez, Aritz Mujika, Mikel Beloki, Eneko Labaien eta Axier Matxineak egindako pintxoa zegoen goxoena.

Guztiek batera pilotalekuan bazkaldu dute eta, bazkalostean, jolasak egin dituzte. Erromeria izango dute ilundu aurretik Elizagoien ahizpen eskutik, eta iluntzean lunchaz gozatzeko aukera izango dute Urepele Elkartean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!