Udako ludoteka zerbitzurako hezitzaileak behar dira Berastegin

Ataria 2019ko maiatzaren 24a

Maiatzaren 31 baino lehen bidali beharko da curriculuma; beharrezkoa da 18 urte baino gehiago izan eta euskara jakitea.

Uda honetako ludoteka zerbitzurako hezitzaileak behar ditu Beasti Guraso Elkarteak. Ekainaren 24tik abuztuaren 2ra bitarte, biak barne, HH2 eta LH6 bitarteko umeentzat bideratutako zerbitzua izango da.

Lan egiteko interesa dutenek curriculuma bidali beharko dute beastige@gmail.com helbidera, maiatzaren 31 baino lehen. Apuntatzen den ume kopuruaren arabera, hezitzaile bat baino gehiago beharko dira.

Lanpostua eskuratzeko ezinbesteko betebeharrak 18 urte baino gehiago izatea eta euskaraz jakitea dira. Honako baldintza hauek ere hartuko dituzte kontuan, aukera egiterako orduan: hezkuntza munduari lotutako ikasketak izatea edo ikasten aritzea (bereziki Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduak); aisialdiko hezitzaile titulua izatea, praktika edo praktikarik gabe; eta musika edo atsedenaldiarekin lotutako ikastaroren bat egina izatea.

Guraso Elkarteak lanpostu eskaintza horretarako soldatapeko kontratua eskainiko du, estreinakoz, bitartekaririk gabe, eta hautatua den hezitzaileak programa bat egin beharko du, egunez egun egingo diren jarduerak bilduko dituena. Guraso elkarteak oniritzia eman beharko dio.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!