Zazpi urtez, asmo zehatzik gabe idatzi du poema mordoa Ione Gorostarzuk (Berastegi, 1984). Kezka, sentipen, beldur, hausnarketa eta momentu zehatz horiek liburu batean bildu zitzakeela ikusi du orain gutxi, eta Ez da erditzea liburua argitaratu berri du. Orain zazpi urte Desegiten olerki bilduma argitaratu zuen eta, ordutik hona, amatasuna zer den ikasi du, bi umeren ama izan baita. Gai horrek osatu dio bizkarrezurra liburuari, eta beste gauza batzuez idazten jarraitzeko bidea ere ireki dio.
Zazpi urte pasatu dira liburu batetik bestera. Zer egin du Ionek, urte horietan?
Zazpi urte ez dira alferrik pasatu. Urte horietan, gauza askoren artean, idatzi egin dut, lanean jarraitu dut, baina, nire bizitzan, aldaketarik garrantzitsuena bi semeren ama izatea izan da, zazpi urte horietan.
Liburu baterako adina idazteari, ordea, eskaini diozu tartea.
Ez asko, ez nik nahi adina behintzat; ez irakurtzeko, ez idazteko. Baina, nik poesia idazten dudanez eta, nire idazteko moduagatik, ez dut tarte handirik behar. Nik poesia argazki bat bezala ulertu edo planteatzen dut, orduan, unean uneko argazkitxoak bezalakoak dira idatzitako poema hauek.
Zure buruak argazki bat egiten duenean idatzitako liburua da, beraz.
Bai, hori da. Ez da helburu batetik, diseinu batetik edo gai batetik ateratako liburua, inondik inora ere. Alderantziz. Idatzi ondoren sortu da gaia, zatika-zatika, han eta hemen. Fisikoki ere hala izan da: paper punta batean edo mugikorrean grabatuta. Sortutako poemetatik, behin, uda aldean, ikusten hasi nintzen egon zitekeela lotura bat, bilduma bat. Garbiketa ordenatze bat egin nuen, eta konturatu nintzen bazegoela hor liburu bat. Eta hortik sortu zen.
Lehentasunak jartzea, identifikatzea, erraza da bi ume tarteko dituzunean?
Ez da erraza, ez. Liburuaren kontrazalean ere esaten dut: Gaur 320.000 emakume izan dira ama. Baina, gero, zuri gertatzen zaizunean, bizitza kolpean aldatzen dizu, eta ez da erraza zure lehentasunak, zure beharrak, zure nahiak identifikatzea. Bolada bat oso emana da besteei. Orduan, idazteari ez diot tarterik eskaini, ez denbora aldetik, ezta lehentasun aldetik ere. Baina, orain, liburu hau osatu ostean, pentsatu dut edo erabaki dut, nire lehentasunetako batean jarriko dudala idaztea.
Idazteko gogoa piztu dizu, beraz, bigarren liburu honek?
Bai, gogoa piztu dit. Konturatu naiz idatzi egin nahi dudala, eta, nolabait, neure buruari baimendu nahi diodala, idazteko tarte bat hartzea.
Bi umeren ama izan zara, eta liburuari 'Ez da erditzea' izenburua jarri diozu. Kasualitatea da?
Ez zen nire asmoa, eta ez da amatasunari buruzko liburu bat. Ez hori bakarrik, edo ez nuke nahi behintzat. Nire unean uneko bizipen, kezka, burutazio edo egoeren argazki modukoak dira. Behin, bilduma eginda,konturatu naiz, ondo defini zezakeela amatasunaren gaiak. Izan zitekeela ardatz moduko bat, edo gai garrantzitsuenetako bat. Baina ez da bakarra. Liburua Mari Luz Estebanen aipu batekin hasten da, nolabait esaten duena, maitatzea ez dela nahikoa. Eta hortik abiatzen da, halako ibilbide bat egiten du nire kontraesanetan, nire nahietan, nire sentsazioetan, nire gorputzean. Nora iritsi naizen-edo esaten duen nire poema batekin amaitzen da: «Ez da erditzea, bikoiztea da». Aldarrikatu nahian nire espazioa, eta umearena ere bai, batzuetan kostatzen zaigun arren.
Erditzea eta bikoiztea, bi gauza ezberdin.
Hori da ondorio moduan atera dudana. Horregatik, poema hori, nahita jarri dut amaieran. Honaino iritsi naiz, baina horrek ez du esan nahi azken hitza denik. Nik bizitu dudan modua da, nola sentitu eta nola pentsatu dudan.
Amatasunaz gain beste hainbat gai ukitzen dituzu liburuan zehar. Haurtzaroa, esaterako.
Bai eta, behin bilduma egin ostean, konturatu naiz, ohartu gabe edo, ze espazio eskaini diodan haurtzaroari. Nik uste dut, batetik, ohartu naizela, ginen haurrak barruan dauzkagula. Eta, era berean, pertsona bezala eta, batez ere, emakume bezala, era soilean edo oharkabean, konturatu naiz zer mezu jaso ditudan nik: nolakoa izan behar naizen, nola portatu behar dudan, zein diren nire mugak, ze irudi dugun emakume bezala.
Eskaintzaren orrian horrela idatzi duzu: «Alabaren partez amari, amaren partez semeei». Bi ikuspegitatik aritu zara?
Hori da. Ni ama izatean, konturatu naiz, ni hemen baldin banago, nik ere ama bat dudalako dela. Eta niri, semeen jaiotzak hainbeste eragin badi,t nire barruan, nire munduan, nire eguneroko bizipenetan, nik ere eragin diodala hori ama bati. Horrez gain, gure garaiko baserri girora ere eraman nau. Nire amak ondo betetzen du ama oso entregatuaren eredua: seme-alabak guztiaren gainetik jarriz, dena ematen eta beti laguntzen egotearen eredu hori. Niri zama moduko bat sortu dit, pentsatzeak, gure amak dena eman duela guregatik. Hori, haur bezala, ez dakit errua edo ardura den; ohartze hori eragin dit. Bestalde, hausnartzea eragiten dizu: «Nik esan nahi ote diet, nire semeei, hemendik hogei urtera: 'Zugatik dena utzi nuen'». Hor, mugak, espazio kontuak sartzen dira.
Aldaketarik ikusten duzu zu haurra zineneko ama hartatik, gaur egun zu zaren ama izate horretara?
Nik, pertsonalki, hautu bat egin dut, non, nire espazioa, nire beharrak errespetatzen saiatu naizen. Nik zer behar dut? Noraino? Noraino besterendu? Hor eduki ditut hainbat gogoeta, bizipen eta abar, eta, poema batean esaten dudan bezala, nire beldurrak beste batzuk dira eta, beraz, beste batzuk izango dira, on nahian-edo egiten ditudan hanka-sartze edo akatsak.
Liburuaren aurkezpenean aipatu zenuen, amatasuna letra txikian jartzen saiatu zarela. Zer dela eta?
Iruditzen zait pisu handia daukala ama izate horrek. Jaio den seme edo alaba horren arduraduna zu zara, eta ardura handia da. Baina, emakume bezala, ama txarra izateari izugarrizko beldurra izan diot; presioari, nik neure buruari eta, neurri batean, gizarteak jartzen digunari. Nik uste ama guztiok sentitu izan dugula. Esate baterako, haurrarengatik zure bizitza profesionala utzi izanaren errua, edo, haurrak ez badituzu uzten eta bizitza profesionalari espazio handia eskaintzen badiozu, umeekin gutxi egon zarenaren erru sentimendua izan dezakezu. 'Ama bakarra da, amak dena ematen du' esaldi horiek, pisu handia jartzen digute gure gain, eta pixka bat erlatibizatu, edo letra txikira ekarri behar dira.
«Iruditzen zait pisu handia daukala ama izate horrek (...) Ama txarra izateari izugarrizko beldurra izan diot»
Maitasunarekin ere gauza bera?
Bai, saiatu naiz. Beti saldu digute, eta denok eraikitzen dugu, neurri batean, eredu hori; maitasuna, zerbait kontrolaezina balitz bezala, denaren gainetik dagoena. Nik uste dut maitasunari neurria jarri behar zaiola, edo arautu egin behar dela. Liburuan gogoeta bat egin dut, eta jarri dut, ni izan nintekeela bortxatzaile baten ama: erabaki nezake nire semeak ez maitatzea? Hor uzten dut galdera, baina, bai, uste dut, maitasunaren izenean ezin dela dena onartu. Emakumeok hori inork baino argiago eduki behar genuke; maitasuna ere neurri batean arautu daitekeela, diseina daitekeela.
Amatasunaren eta maitasunaren alde ez positibotik egin dituzu gogoeta asko.
Hor halako buruhauste bat izan dut, behin bilduma osatzen hasterakoan. Idazterakoan ez, idazterakoan libre sentitu naiz guztiz, hasiera batean ez zirelako argitaratzeko, edo ez zirelako proiektu bat buruan nuela idatzitako poemak. Behin bilduma egiterakoan, ordea, idazle sentitzen hasten zara. Irakurlea duzu buruan, eta pentsatu behar duzu zer argitaratu eta zer ez. Konpentsazio bat eduki nahi nuen, hau da, nik argi nuen 'zenbat maite ditudan semeak' esateko ez zela liburu hau. Baina, ez nuen negatiboan bakarrik zentratu nahi, inondik inora ere. Oreka moduko bat bilatzen saiatu naiz, eta hortik doa eskaintza ere, nola ez, amari eta semeei.
Liburuan aipatutako, baina jorratu gabeko gaiak ere badituzu buruan.
Bilduma egiterakoan, poema asko kendu egin nituen, ez zutelako ezer gehitzen, edo ez nuelako nahi argitaratzerik. Eta, behin liburuaren ardatza eginda, zerbait falta zen. Bukaeran sartu ditut zenbait poema, adibidez, baserria sartu dut, edota ardiak sartu ditut. Behin liburua edukita, momentu sortzaile bat izan nuen bukaera aldera, eta hor ukitutako gai berri batzuk luzera jorratzea gustatuko litzaizkidake,; tartean, ahizpatasuna, erakargarritasuna edo itxura.
Haurdunaldiaren edota erditzearen inguruko poema batzuk aurki daitezke liburuan. Bizitutakotik idatzi dituzu?
Poema batzuk oso gorputzetik idatziak dira, oso fisikoak. Haurdun egotea niretzat sentsazio guztiz berria izan zen, nire gorputza berriro ezagutu beharra sentitu nuen. Sentsazio horiek momentuan idatzitakoak dira: botagura, hankak, pisua, sentipen berriak ziren. Erditzea bera ez nuen momentuan idatzi, ez nengoen horretarako. Hor, kontzienteki edo, iruditu zitzaidan seme bakoitzari bere jaiotza kontatu behar niola liburuan. Baina, ez nituen hain nabarmen edo hain akorduan gorputzeko sentsazio horiek. Nahiko lauso ikusten nituen, orduan, bakoitzarekin izan nituen beldurren arabera kontatu dizkiet. Handitzean irakurriko dute. Gauza txikiak kontatu ditut, baina, momentu horretan, niretzat handiak izan ziren. Adibidez, seme zaharra jaio zenean, bekokian izugarrizko orban gorri bat zuen. Niri, une hartan, mundua erori zitzaidan. Beldurra sentitzen hasi nintzen, eta hori kontatu dut. Eta, seme txikiarekin, beste beldur batzuk, hilabete eta erdi aurreratu zelako. Orain kontatuta, lotsa eta guzti ematen dit, baina, orduan, nire beldurra zen, ea zer aterako zitzaidan, ea higuina emango zidan nire semea ikusteak, ea gai izango nintzen bera ukitzeko eta besoetan hartzeko. Hori kontatu diet semeei.
Erraza da sentipenak poema batean idaztea?
Batzuetan bai. Distantzia apur batekin, edo era narratibo batean kontatzen saiatu naiz, eta uste dut argazki bat atera diedala nire beldurrei. Gero, barre ere egin dut kontu hauekin.
Zein lehen sentsazio izan dituzu, liburua argitaratu berritan?
Bakean geratu naiz, uste dut horixe dela hitzik egokiena. Zazpi urtean zehar idatzitako poemak daudenez, idazteak ez dit lanik eman liburu honetan. Behin bilduma bat egin, editoreari bidali eta baiezkoa jaso nuenean, eta ikusi nuenean liburua bazegoela, orduan egin dut lana. Kentzen, zuzentzen, erabakiak hartzen ere bai; hau sartu nahi dut, hura kendu. Baziren poema onak, literatura aldetik-edo ekarpena egin zezaketenak, baina, niri, pertsonalki, argitaratzea interesatzen ez zitzaidanak. Orduan, mila erabaki hartu ondoren, bakean geratu naiz. Aste batzuk pasatu dira, eta jaso dudan erantzunak edo feedbackak oraindik pertsona gutxirenak dira, baina, nik uste, ondo irakurri duela jendeak. Banuen beldurra ere, zeren, zuk tonu batekin idazten duzu, baina irakurleak berriro idazten du poema, bere tonuarekin. Oraingoz, ordea, gustura.
Zu ezagutzen zaituenak beste begi batzuekin irakurriko du?
Idazle bezala, poesia irakurtzea nahiko nuke, ez nire autobiografia, nahiz badakidan gertukoek aurpegia jarriko dutela, izena jarriko dutela. Ez dakit nire intimitatera sartzen direnaren sentsaziorik izango duten. Baina, biak interesatzen zitzaizkidan: gertukoen iritzia, batez ere, errespetu kontu batengatik eta, bestetik, ezagutzen ez nautenen iritzia ere interesatzen zait, literaturari zein ekarpen egin diezaiokedan interesatzen zait.
Aurreko liburuarekin alderatuta, narrazio, testu gehiagokoa da bigarrena.
Nik uste dut garapen bat izan dudala. Ez dakit irakurri dudanagatik-edo izan den. Liburu honetan ere, bada Desegiten liburuaren giroko poema bat: bertso oso motzak, espazioarekin jolastuz, bisualki forma bat hartzen duena orrian zehar. Baina, poliki-poliki, formari garrantzia kentzen joan naiz, agian, orain kontatu nahi dudana gehiago delako eszena konkretu bat, oroitzapen bat edo momentuko gauza bat. Eta, ikusi dut, erosoagoa zela poemak ipuin txikietan idaztea; poema narratiboetara egin dut bide bat.
Egindako bidea aipatu duzu. Noiz hasi zinen bide horretan?
Txikitatik asko gustatu izan zait marraztea, sormena lantzea gustatzen zaiona izan naiz. Irakurri ere izugarri egiten nuen txikitan. Modu kontziente batean idazten, ordea, nahiko berandu hasi nintzen. Unibertsitate ondoren, idazle eskolako graduondoko batean hasi nintzen, zerbait idatzi nahian hasi nintzelako, eta 22 urte ingururekin hasi nintzen.
Idaztea ikasi egiten da?
Nik uste dut eginda ikasi dudala. Esango nuke, egin eta egin ikasten ari naizela. Baita irakurtzen ere eta, batez ere, zuzentzen. Bizitzan, lanean, oso inpultsiboa naiz beti, eta kostatzen zaidana ez da idaztea. Gehiago kostatzen zait jarri eta zuzentzea; kentzea, zuzentzea, biluztea.
Poesia idatzi duzu bi liburuetan. Genero erraza da?
Niretzat bai. Ipuinak, adibidez, oso-oso gustura irakurtzen ditut. Eta, idazle eskolara matrikulatu nintzen garaian, buruan neukan ipuinak idatzi behar nituela. Nobela idaztea zaila iruditzen zitzaidan niretzat. Poesia aurkitu nuenean, ordea, konturatu nintzen nire neurria poesian zegoela. Idazteko moduarengatik ere askatasun handia ematen dit poesiak. Oso gauza motzak dira, momentu batean, ideia batean, nik idazten dudana, behintzat, horixe delako.
Pertsonalagoa izan daiteke poesia?
Izan daiteke, bere alde on eta txarrekin. Poesian, nire penarik edo ezinik handiena da gauzak zentsuratu beharra; literatura beharrean, Ione Gorostarzuren bizitza edo gauza pertsonalak ez ikusteko. Nobelan idazten diren gauzak fikzio bezala irakurtzen dira; poesian, batzuk egiten dute fikzioa, baina niri zaila egiten zait. Argitaratzeari begira, ordea, gauza batzuetan auto-zentsuratzea tokatzen zait.