Zelai errekako saneamendu lanek 2021erako bukatuta egon beharko dute

Irati Saizar Artola 2019ko mar. 28a, 09:00

Urteak daramatza Berastegiko Udalak, zain, Berastegitik barrena Oriara doan Zelai errekako saneamendu lanak noiz egingo. Pasa den astean etxez etxeko diagnostiko bat egiten hasi ziren aldundikoak, eta 2021erako bukatu beharko dituzte lanak.

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako foru aldundiak ezagutzera eman duten Akordio Marko berriko zirriborroaren arabera, Zelai errekako saneamendua 2021erako bukatuta edo aurreratuta, behintzat, egon beharko luke. Horixe azaldu dute Berastegiko Udalak eta Eguzki talde ekologistak.

Hamar urteren ondoren, «gaia hozkailutik atera» dutela adierazi du Eguzkik, izan ere, «2007an beste Akordio Marko bat sinatu zuten, eta, haren arabera, Zelai errekako saneamendu lanak 2011rako bukatuta egon behar zuten». 2009an hainbat saneamendu lan egin ziren Ibarran, baina, Berrobi, Elduain eta Berastegikoek egin gabe jarraitzen dutela argitu du talde ekologistak.

Amaia Azkue Berastegiko alkateak azaldu du, iaz jaso zutela udalean abisua, saneamendu lanak 2018-2021 plangintzaren barruan sartuko zituztela esanez. "Akordio Markoaren zirriborroa iazko abenduaren 13an bidali ziguten, baina, hortik aurrera, ez daukagu konstantziarik zirriborro hori sinatu den edo ez".

Jaurlaritzaren konpromisoa zalantzan jarri dute, ordea, Eguzkikoek, beste behin: «Azken hamar urteotan ez da ezer ere egin, Jaurlaritzak ez du bete lan horiek %100ean finantzatzeko hartu zuen konpromisoa». Gipuzkoako beste hainbat saneamendu proiekturekin ere gauza bera gertatu dela salatu dute Eguzkikoek.

Akordio Marko berriaren arabera, Eguzkik adierazi du, Eusko Jaurlaritzak ez duela aurrekontuaren (4,75 miloi euro) %100a bere gain hartuko, %75a soilik hartuko duela. Hala ere, Eguzkikoei «bost axola» zaie zein erakundek ordaintzen duen. Haiek nahi dutena da, neurriak har ditzatela Zelaiko ur zikinak Oriara tratatuta iristeko. Azkuek azaldu duenez, gainerako %25a Gipuzkoako foru aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen sailak hartuko du bere gain, baita lanen eta kontratazioen gastua ere. Azken datu hau ere, "ahoz hitz eginda soilik" dakite Berastegiko udalean, "modu ofizialean ez daukagu ezer jasota".

Eguzkikoek zalantzak dituzte 2021eko epe hori errespetatuko den edo ez. Dena den, Akordio Marko berriak Zelai errekako kasua berriro ere agendan jarri izana «albiste ona» dela aitortu dute, izan ere, 2016ko Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoak, Zelai errekako saneamenduaren zati bat atzeratu zuen 2027ra arte, «agendatik at» utziz.

Pasa den astean, ordea, aldundiko langileak etxez etxe bisitak egiten hasi direla azaldu du Azkuek, etxe bakoitzeko egoera nolakoa den ikusi eta diagnostiko bat egiteko: "Bermatuko dute ur zikinak eta ur garbiak hodi ezberdinetan doazela etxeetatik errekara". Ur zikinak daramatzan hodi hori, errekan kokatuko dute, eta zuzenean Adunaraino joango da. Ur garbia, berriz, errekak eramango du Oriara. Luze joango dela pentsatzen dute udalekoek, baina, "pauso bat da, behintzat, ziurtatzen diguna zerbait egiten hasi direla", dio Azkuek. 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!